Udaleko Kultura, Euskara eta Berdintasun arloek elkarrekin landutako programa da Laudio Oholtzan. Urtea bukatu bitartean, hilero kultur ekitaldi bat gutxienez programatuko da: antzerkia, musika, bertsolaritza… esparru anitzeko ekitaldiak izango dira eta herriko leku desberdinetan kokatuko dira: Aldai Plazan, Lanbide Heziketako Zentroaren zine aretoa…
Egitaraua joan zen ostiralean hasi zen Antonio Oyarzabal pianista laudiarraren kontzertu batekin eta datorren apirilaren 8an jarraituko du “Nola belztu behar zuria” izeneko emanaldiarekin. Bide Ertzean musika taldeak eta Metrokoadroka kolektiboak aurkeztutako kontzertu errezitala da eta Joxean Artzeren poema liburuan oinarrituta dago. Lanbide Heziketako Udal Zentroaren zine aretoan izango da.
Udalak datozen hilabeteetako kultur-ekitaldi gehienak lotu ditu dagoeneko: Maiatzan Mara-mara taldearen kontzertua izango da Igor Arzuaga eta Luis Vilekin, uztaila hasieran Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Amalur emanaldi berria ekarriko dute eta abenduan, euskararen eguna dela, eta bertso saioa egongo da Jon Maia, Unai Iturriaga, Onintza Enbeita eta Miren Amurizarekin.