"Arkitektura munduan lana bilatzeko genituen zailtasunengatik erabaki genuen Suediara joatea"

Erredakzioa 2016ko api. 4a, 19:53

Suedian bizi da SAIOA IBARROLA (Laudio, 1983), bertan egiten du lan. Arkitektura ikasketak egin zituen, eta bere ikasketekin erlazionatutako lanik topatzen ez zuelako jo zuen atzerrira.

Lan egiteko atzerrira jo duten aiaraldearrei buruzko elkarrizketa-serie baten lehen alea da honakoa.

Suedian bizi da SAIOA IBARROLA laudioarra, bertan egiten du lan. Arkitektura ikasketak egin zituen, eta bere ikasketekin erlazionatutako lanik topatzen ez zuelako jo zuen atzerrira.

Lan egiteko Aiaraldetik kanpo jo duten aiaraldearrei buruzko elkarrizketa-serie baten lehen alea da honakoa.

Zer dela eta erabaki zenuen atzerrira joatea lan bila? Nola bukatu zenuen Suedian?
Duela 4 urte hasi ginen ideia horretan pentsatzen. Bartzelonan bizi nintzen eta koadrila polita genuen han. Gehienak arkitektoak ginen edo eraikuntzaren sektorean lan egiten genuen.

Esparru horretan lana aurkitzeko zailtasunak zirela eta hilero agurtzen genuen etxera bueltatzen zen lagunen bat, eta horregatik hasi ginen garatzen nonbaitera joatearen ideia”

Lanean nenbilen momentu horretan, baina lan baldintzak kaxkarrak ziren krisia hasi zenetik. Etorkizuna beti ezegonkorra, estudioan proiektu berriak noiz aterako zain.

Beraz, azkenean lau lagunok Suediara lan bila joateko erabakia hartu genuen. Europan bizi nahi genuen, etxera maiz etortzeko aukera izateko. Ingelesez lan egiteko asmoa geneukan. Horregatik, Eskandinaviara joatea pentsatu genuen eta han zebilen jendearekin hitz egin eta gero Suediara joatea erabaki genuen, betidanik immigrazio handia izan duen lurraldea delako eta ingelesaz lan egiteko posibilitatea izango genuela uste genuelako, suediera ikasi bitartean. Estokolmora joan ginen bizitzera duela 3 urte  eta erdiz, bueltatzeko data finkatua izan gabe.


Nolakoak izan ziren lehengo pausoak lan bilaketa horretan? Zertan zabiltza orain lanean? Zer nolako lana da?

Askotan esaten dugu Suediako lan munduan sartzeko lehenengo pausua ikaragarria dela eta hortik aurrera dena erraza bihurtzen dela, "Svensson" baten modura. Gure lehenengo pausuak curriculumak bidaltzea eta estudioetara deitzea izan zen, baina suediera jakitea eskatzen ziguten gehiengoek. Ez hori bakarrik, Suedian erreferentziak izatea ere oso garrantzitsua da, norbaitek zutaz zerbait jakitea behintzat. Beraz, lehenengo pausu ikaragarri hori emateko beti behar duzu aingeru bat, lehenengo aukera hori emango dizuna.

Nirea Estokolmoko udaletxe bateko hirigintza zuzendaria izan zen, eta momentu horretatik aurrera dena errazagoa bihurtu zen. Udaletxean hirigintzarekin lanean nengoen bitartean Euskal Herrian Global Training beka eskatzeko aukera suertatu zen eta eskatu egin nuen, gustukoa nuen arkitektura estudioan lan egiteko esperantzarekin. 

Beka horri esker eta udaletxean lan egiteari esker nahi nuen lantokian lan egiteko aukera izan nuen eta amaitutakoan kontratua egin zidaten. 

“Bi urte  eta erdi daramat lanean toki berean eta oso oso gustura sentitzen naiz”

Hirigintzako proiektuetan lanean ibili naiz gehienbat eta duela urtebetetik hona Estokolmoko metro linea berriko geltoki bat diseinatzen nabil, oso interesgarria batez ere beste diziplinekin batera lan egiteko aukera  ematen duelako.

Badago bertako gobernuaren partetik bertara joandako pertsonentzako laguntzarik?

Nik Europar Batasunetik bertaratuta ez nuen laguntzarik jaso, eta lana aurkitutakoan lortu nituen eskubide guztiak. Beste gauza bat da errefuxiatuentzako laguntzak. Suediak betidanik jaso izan du errefuxiatu kopuru handia. 90. hamarkadan errefuxiatu asko jazo zituen Balkanetako gerratik eta Somalia eta beste afrikar lurraldeetatik. Suediar gobernuak hauen integraziorako diru laguntza handia eman zuen beste europar herrialdeekin alderatuta. Siriako errefuxiatu hondamendiari dagokionez, Suediak erantzukizun handia hartu du ere oraingoan eta errefuxiatu kopuru handiena hartu du. Bestalde, pertsona eta enpresa askok kontribuzio handiak eman dizkiete Gurutze Gorriari, Save The Children eta UNHCR erakundeei, eta iniziatiba polit asko eman izan dira populazioaren partetik: hizkuntza klaseak, egonaldi kulturalak...

Aiaraldea faltan botatzen duzu? 

Noski faltan botatzen dudala. Horregatik noa lau aldiz bisitan urtero. Gabonetan 3 aste pasatzen ditut etxean eta, koadrilako lagun batek esaten duen moduan, beti nago data garrantzitsuenetan, Laudioko jaietan hain zuzen ere! Gehien faltan botatzen dudana zera da: argia, mendiak, amatxo eta amonatxoren janari ikaragarria eta familia eta lagunak, nahiz eta kontaktua nahiko mantendu. Gehien bat iloba oso azkar hazten dela konturatzen zarenean eta guzti hori bizitzen ari ez zarela ikusten duzunean.

Momentuz ez dut bueltatzea buruan, baina nork daki. Lan baldintzak eta lan giroa Suedian oso-oso onak dira eta pertsonalki oso gustura bizi naiz hemen” 

 

Jendea oso jatorra da eta kirol pila bat egiten da. Arraunean nabil talde batean.

Nolakoa da atzerrian lanean aritzea? 

Atzerrian lanean aritzea oso interesgarria da, lan egiteko, komunikatzeko eta erlazionatzerako orduan oso ezberdinak garela konturatzen zarelako. Nire ustez hori da atzerrian bizitzeak duen erronkarik handiena eta interesgarriena: idatzi gabeko arauak ulertzea, hain zuzen ere. Zailtasun horrek hizkuntza ikasteak baino gehiago suposatzen du. Adibidez, Suedian lan ona egiterakoan balorazio oso onak jasotzen dira, eta nagusiak beti motibatzen ditu langileak, baina zerbait gustukoa ez badu isiltasunarekin espresatu dezake, konfliktoak ez dituztelako gustuko. Suedian oso baxu hitz egiten da, eta txandak errespetatzen dira hitz egiterako orduan, inork ez du inor mozten hitz egiterakoan. Beti lasai komunikatzeko aukera ematen dizu horrek, baina espontaneotasuna eta sormena gal daiteke era berean. Suediarrentzako sozializatzea ez da hain  gauza naturala izaten, eta lanean 14:30tan elkarrekin "fika", kafea hartzea, eta hitz egitea derrigorrezkotzat hartzen da, hain gara ezberdinak horretan! 

“Suedian lan egiterakoan eta erabakiak hartzerakoan hierarkia oso horizontala da. Hasieratik hartzen dituzu erantzukizun handiak, askatasuna lan egiteko moduan, eta pertsona guztien iritziak eta ekarpenak oso baloratuak dira”

Hori ikaragarria da eta horretaz asko ikasi beharko genukeela uste dut.

Beste aldetik, hain horizontala da prozesua erabakiak hartzeko denbora asko igaro daitekeela eta proiektuak asko luzatu daitezkeela, baina horrek era berean erabaki onak hartzea ekartzen du. Lantokiak asko zaintzen dituzte langileak: ordutegi flexibleak, opor flexibleak, ordu estra ondo ordainduak, lanetik kanpo familia edo hobiak dituzula ulertzea eta baloratzea eta ondorioz nagusi eta bezeroen eskaerak denbora tarte zabal batekin ematea, 18 hilabeteko amatasun-aitatasun bajak, semeak gaixo daudenean bajak, formazioa, konferentziak lanean, hizkuntz eta programa ikastaroak, diru kopuru bat urtero kirolean bakarrik gastatzeko, lankideekin bidaiak eta kirol eta sozializazio ekintzak, besteak beste.

Suedian lan egitea espero nuena baino hobeagoa izaten ari da, lan egiteko era eta lan giroa aparta dela uste dut. Suediarrak horretara ohituta daudenez askotan ez dira daukatenaz ohartzen eta ez dute baloratzen, baina sindikatu indartsuak dituzte eta beraien lan eskubideak oso argi dituzte, eta eskubide horiekin finko mantentzeak ahalbidetu egin du guzti hori.     

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide