“Sentimenduan eta artean datza saetak abestearen gakoa”

Txabi Alvarado Bañares 2016ko api. 1a, 00:33

KEPA RODRIGUEZ (Jaen, 1958) eta PACO DUQUE (Jaen, 1949) oso gazteak zirela etorri ziren Euskal Herrira bizitzera. Baina badute euren sorterriarekin lotzen dien zerbait: saeta abeslariak dira biak.

Zuen sorterriarekin sustraiak mantentzeko modu bat da saetak abestea?

Duque: Noski. 15 urterekin hasi nintzen ni saetak kantatzen, Jaenen. Eta 16 urte daramatzat Bilbon abesten, 2000 urtetik hona.

KEPA RODRIGUEZ (Jaen, 1958) eta PACO DUQUE (Jaen, 1949) oso gazteak zirela etorri ziren Euskal Herrira bizitzera. Baina badute euren sorterriarekin lotzen dien zerbait: saeta abeslariak dira biak.

Zuen sorterriarekin sustraiak mantentzeko modu bat da saetak abestea?

Duque: Noski. 15 urterekin hasi nintzen ni saetak kantatzen, Jaenen. Eta 16 urte daramatzat Bilbon abesten, 2000 urtetik hona.

Rodriguez: Niri beste pertsona batzuei entzunaz sortu zitzaidan saetekiko afizioa. Nire gurasoekin etxean ere entzuten nituen.

Behin interesa piztuta, nolakoa da saeta abeslari izatera iristeko bidea? Eskolarik al dago?

Rodriguez: Ez, ez dago eskolarik. Etxean kasetean entzunaz ikasi dugu guk saetak kantatzen. Fededuna izatea ere beharrezkoa da.

 

[video:https://vimeo.com/161161465 align:center]

 

“Fededuna ez bazara, irudi erlijiosoak ikusten ez badituzu, ez baduzu sentitzen, ez bada barnean daramazun zerbait... ba orduan ezingo duzu kantatu, ez zaizu berez sortuko”

 

Duque: Oso zaila da saetak abestea. Flamenkoaren adar guztiak jorratu ditut nik. Nik ez ditut saetak modu espontaneo batean egiten, bide luzea egina dut. Baina saeta da flamenkoaren adarrik zailena, eta flamenkoaz asko jakinda diot hori. Flamekoaren % 90a edozein kantarik abestu dezake, baina saeta ez. Antonio Molina jarriko dut adibide gisa. Bera flamenko abeslaririk onenetariko bat zen, baina ez zuen saetak kantatzea gogoko. Oso genero zaila da.

Zergatik da horren zaila?

Duque: Gorabehera asko ditu, tonu askokoa da. Jende askoren aurrean abestu behar izanak urduritasuna sortzen du gainera.

Rodriguez: Nire ustez, ez baduzu sentitzen zer kantatzen duzun ezta nori kantatzen diozun, ez duzu ondo egingo.

Duque: Sentimenduan eta artean datza gakoa.

Nola garatzen da saeta bat? Letra inprobisatuak dira?

Rodriguez: Ez, ez dira letra inprobisatuak.

 

“Aurretik entzun dituzun eta zure testuingurura (aurrean duzun figura erlijiosora) moldatzen dituzun letrak dira saetenak”

 

Abestu baino egun batzuk lehenago entseatu egiten dugu, gainera. Ez da bertsolaritza bezala, kar kar.

Laudion aritu izan zarete Aste Santuko prozesioetan. Beste lekuren batean ere abesten duzue?

Duque: Lehen esan bezala, 16 urte daramatzat Bilbon abesten, Aste Santuan egiten den Medinaceliko Kristoaren paseoan, 4000 pertsonen aurrean. Laudion ere urte dexente daramatzat kantatzen, gonbidatu zidatenetik.

Rodriguez: Ni lau urte daramatzat Laudion abesten.

Belaunaldi aldaketa bermatua dago?

Duque: Ezberdina da hemen eta Andaluzian. Jaen, Kordoba edo Sevillako edozein herritako plazak bete egiten dira saeta abeslariak entzuteko.

 

“Ez dut esango hemen sentimendurik ez dagoenik, baina dagoen sentimendua ez da saetekikoa”

 

Ez dago mota honetako kantua txalotzeko ohiturarik, ez du arrakastarik, eta ez du inoiz izan.

Rodriguez: Dena dela, saeta da flamenkoaren generoen artean hemengo jendeak gehien gustuko duena.

Duque: Egia da. Pantoja deitzen baduzu “fandangilloak” abesteko baliteke bera bakarrik egotea plazan, eta kobratzen gainera.

 

“Guk ez dugu dirurik irabazten, baina Andaluziako abeslariek bai. Balkoietatik saetak abesten dituenak 1000 edo 2000 euro kobratu ditzake”

 

Rodriguez: Ez dago belaunaldi berririk, ez dator gazterik ikastera. Eta inork ez zaitu zure saioagatik zoriontzen. Zuk barruan daramazu sentimendua, baina kanpora begira hutsune bat nabaritzen duzu. Baina nik figurari abesten diot, eta berdin zait jendea begira badago edo ez. Gustatzen zaion jendea egon bitartean gogotsu jarraituko dugu abesten.

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide