"Txirrindulari profesionala izateko bidea banakakoa denez, lehiakortasuna oso handia da"

Erredakzioa 2016ko mar. 30a, 10:50

AITOR REY GASTAKA (1993, Laudio), pista estalian txirrindularitzan aritzen da eta lorpen garrantzitsuak erdietsi ditu. Profesionala izatea da bere helburua. Gorka Beloki da orain bere talde zuzendaria.

AITOR REY GASTAKA (1993, Laudio), pista estalian txirrindularitzan aritzen da eta lorpen garrantzitsuak erdietsi ditu. Profesionala izatea da bere helburua. Gorka Beloki da orain bere talde zuzendaria.

Elite mailan aritzen zara pistako txirrindularitzan. Zer nolako denboraldia egin duzu?

Aurtengoa da nire lehenengo urtea elite mailan, aurten pistan prestakuntza moduan aritu naiz, errepideko denboraldia ondo prestatu ahal izateko.

Badaramat urte batzuk berdina egiten; neguan pista eta otsailetik aurrera errepidean zentratzen naiz.

Denboraldia hasi berria da. Momentuz bigarren postua lortu dut Almagron (Ciudad Real) Gainontzeko lasterketetan taldeko beste kide batzuk lagundu ditut.

 

"Orokorrean, sentsazio onak izan ditut, nahiz eta lasterketa batzuetan eguraldia gure kontran egon den".

Espero dut sentsazio hauek horrela jarraitzea edo hobera joatea. Hala ere, gazte kategoriako bi urtetan pistako denboraldia osoa egin nuen eta Euskadiko txapeldun izan nintzen bi urtetan jarraian; Euskadiko errekorra lortu nuen bakarkakoan eta Espainiako txapelketan urrezko domina lortu nuen puntuazio frogan eta zilarrezkoa bakarkakoan.

Horrez gain, Europako txapelketara joan nintzen Espainiako selekzioarekin.

Zergatik aritzen zara pistan?

Juniorretan hasi nintzen pistan, 17 urterekin, kadetetako talde zuzendaria gomendatu zidalako.

Errepideko txirrindularitzan aritzen nintzen, eta denboraldia prestatzeko modu ona zela erakutsi zidaten.

Txirrindularitzan ordea, 11 urterekin hasi nintzen. Nire aita txirrindularitza martxetara joan ohi zen, eta horren ondorioz gustatzen hasi zitzaidan.

Lehenago zer egiten zenuen?

Txirrindularitzarekin hasi baino lehen futbolean aritzen nintzen, baina urte batzuk geroago nekatu nintzen futbolera jokatzeaz.

Zeintzuk dira ezberdintasunik nabarmenenak pista eta errepidearen artean?

Ezberdintasun nabarmenena bizikleta da. Pistako bizikleta ez dauka ez frenorik ez pinazirik, plater eta pinazia besterik ez duzu eramaten eta denbora guztian egon behar duzu pedalei ematen, errepideko bizikletan, ordea, bi plater eta hamaika pinazia daukazu aldatu ahal izateko.

Beste ezberdintasun bat gurpilak dira, pistan lentikularrak eta perfil handiko gurpilak erabiltzen dira errepidean ordea perfil baxuko edo erdiko gurpilak erabiltzen baitira.

Zer nahiko zenuke etorkizunean?

Zaila egon arren profesionala izatea gustatuko litzaidake, ia txirrindularia den guztiari bezala, baina momentu honetan gauzak ez daude oso erraz gertatu ahal izateko.

 

"Ekonomia kaskarraren ondorioz, gero eta talde gutxiago dago. Horrez gain, norberak ere zortea izan behar du, adibidez, talde batek zutaz ohartzeko edo lesioak eragoztea".

 

Infisport Arabaeus taldekoa zara ezta? Zer kontatu ahal diguzu talde berri horren inguruan?

Bai, Gasteizko taldea da eta aurten bi urte bete ditu. Hau da, denboraldi hau lehiatuko duen hirugarrena izango da. Taldean 23 urte azpiko (sub23) eta elite mailako txirrindulariak gaude.

Taldeko zuzendaria Gorka Beloki da. Gorkaren helburua txirrindulari profesionalak trebatzea da.

Nolakoa da lasterketa bat?

Lasterketa batean egiten ditugun kilometroen batezbestekoa 130koa izaten da normalean, eta irteerak denok batera egiten ditugu.

Bakarka normalean erlojuaren kontrako frogak izaten dira. Lasterketen zailtasuna gauza askoren menpe dago; ibilbideak dituen eragozpenak, forma fisikoa, psikologikoki nola gauden, gure taldearen planifikazioa eta beste taldeena ere, eguraldia…

Normalean non izaten dituzu lasterketak? Askotan zoaz kanpora?

Denetarik dago. Lasterketa asko egiten dugu Euskal Herrian, baina aurten, momentuz, bakarrik bitan egin dut.

Besteak Frantzian, Ciudad Realen eta Badajozen izan dira. Aurrerago, kanpoan izango ditut lasterketak, baina zorionez, etxetik gertu lasterka egiteko aukera ere izango dut.

Zelako giroa dago txirrindularien artean?

Txirrindularitza ez da beste kirolak bezalakoa. Talde batean gaude, eta talde bezala aritu behar dugu, baina egia da txirrindulari bakoitzeko askatasuna askoz handiagoa dela taldean ari diren beste kirolari askorena baino; bakoitzak bere entrenamendu espezifikoak dituelako.

Horrek, taldeko kideekin askoz harreman hobea izatea ahalbidetzen digu. Beste alde batetik, profesionala izateko bidea banakakoa denez, lehiakortasuna ere oso handia da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide