"Herria eradaltu nahi dugu, hainbat emakumeren diskurtsoen bidez"

Aitor Aspuru Saez 2016ko mar. 24a, 13:50

"Zaskaleari" izeneko egitasmoa sortu dute Laudion jatorri ezberdinetako hainbat emakumek. Horietako batzuk baino ez dira AITZIBER DIAZ GARDEAZABAL (Laudio), NAGORE ARTETA GARCIA (Amurrio), TANIA MIRÓ PORQUERÉS (Katalunia), JANIRE VILLAR GALINDO (Basauri), CRISTINA REGALADO BLANCO (Laudio) eta NAHIA GONZALEZ GARCIA (Madril). Eurekin hitz egin dugu esku artean duten proiektuaren inguruan.

 Zer da Zaskaleari?

"Zaskaleari" izeneko egitasmoa sortu dute Laudion jatorri ezberdinetako hainbat emakumek. Horietako batzuk baino ez dira AITZIBER DIAZ GARDEAZABAL (Laudio), NAGORE ARTETA GARCIA (Amurrio), TANIA MIRÓ PORQUERÉS (Katalunia), JANIRE VILLAR GALINDO (Basauri), CRISTINA REGALADO BLANCO (Laudio) eta NAHIA GONZALEZ GARCIA (Madril). Eurekin hitz egin dugu esku artean duten proiektuaren inguruan.

 Zer da Zaskaleari?

Hemen elkartu ginen batzuek udalak antolatutako tailer batean parte hartu genuen, Skolastika elkartearen bitartez eginikoa. “Sorkuntza emakumean” zuen izena.

Teknika ugari landu genituen eta oso ilusionatuak geunden proiektu horrekin: emakumeen gunea izatea sorkuntza garatzeko; literaturan, komikian, ilustrazioan, artean...

Pena sortzen zigun desagertzeak eta hortik sortu zen ideia. Guretzako leku bat nahi genuen.

 

Sorkuntzaren esparru batzuk aipatu dituzue, zer landu nahi duzue bereziki?

 

"Hainbat adierazpen modu erabili nahi ditugu. Asmoa da eremu publikoa eraldatzea, herria aldatzea hainbat emakumeren diskurtsoen bidez. Horretarako ekintza poetikoak, muralak, antzerkia... erabiliko ditugu, taldean erabakitzen denaren arabera"

 

Emakumeen lekukotzak jaso nahi ditugu; hemengoak, urrutikoak, ezagunak, ezezagunak... Aldatu eta hunkitu gaituztenak. Dena bizipenetik sortzea nahi dugu.

Hunkitzen gaituena landu eta azaleratu nahi dugu, jendeak ikus dezan.

Zerbait prestatu duzue?

Horretan dihardugu. Tailerrak prestatzen hasi gara, beste emakumeek parte har dezaten. Diagnostikoa egiteko deialdia zabaldu dugu bi galderen bitartez. Edonork erantzun ditzake eta iradoki dezake zein leku aldatu nahi dituen herrian eta zeintzuk izan diren bizitza aldatu dien emakumeak eta nola.

Gainera, Udaleko Berdintasun Sailarekin harremanetan gaude bere programan aritzeko; herriko gune ilunak identifikatzen ari baitira. Leku batzuk aldatu nahi dituzte eta guk ere parte hartu nahi dugu.

 

"Alde batetik, hirigintzan eragin nahi dugu eta, bestetik, bizipen-tailerrak egin nahi ditugu. Tailer horietan egiten dena kalean islatzea, emakumeak berriro egon daitezen kalean. Espazio publikoa gizonek egin dute eta gizonentzat pentsatua dago"

 

Noiz hasi nahi dituzue tailerrak?

Ahalik eta lasterren. Tailerretan, esan bezala, guretzat garrantzitsuak diren emakumeen inguruko lanketa egingo dugu.

Bestalde, orain dela gutxi hasi gara eta gure asmoa da emakume elkarteekin harremanetan jartzea.

 

"Etawasol eta Solastiarrekin harremanetan egon gara baina beste talde batzuekin ere hitz egin nahi dugu, jende orok bere lekua izan dezan, baita beste herri batzuetako emakumeak ere"

 

Gurekin harremanetan jartzeko bi astean behin Laudioko Kultura Etxean elkartzen gara eta aukera dago etortzeko, bestela zaskaleari@gmail.com posta elektronikora idatz daiteke.

Dena den, Zuin udal-aldizkarian argitaratuko ditugu deialdiak eta kartelak ere egingo ditugu.

Aukera guztiak irekirik daudela ikusita, nola animatuko zenukete jendea bertaratu dadin?

Guk uste puntu positibo ugari dituela, berez, eraikuntza prozesuan dagoenez edonork bere lekua sor dezakeelako.

Norbait zalantzan badago une onena dela uste dugu. Ekarpenak egin ditzake, guri bururatu ez zaigun zerbait proposatu, alegia.

Zaskaleari aukera bat da. Horrela ikusi behar dute. Batzuetan esan nahi dituzun gauzak adierazteko arazoak dituzu eta hemen egin dezakezu.

 

“Baten batek galdetu digu ekimena profesionalentzat soilik ote zen, baina ez da horrela. Guztiok dauka sorkuntza gure baitan eta zerbait adierazteko. Ez da beharrezkoa aditua izatea”

 

Jendea ez da izutu behar artea dela medio. Barne sorkuntza bilatzen dugu, ez irizpide estetikoa; emozioak sortu nahi ditugu eta pertsonak eraldatu esparru publikotik.

Diagnostikoa gizonezkoentzat irekita dago, baina nola azalduko zenukete emakumeentzako eremua behar dela eta bakarrik emakumezkoentzat?

Hezkuntza ezberdina jaso dugulako eta genero rolak errepikatzen ditugulako. Rol horiek baztertzeko eta gustura sentitzeko eremu ezberdinduak sortu behar dira.

Guk ezin dugu gure maskulinitatea landu ez dugulako hezkuntzaren bitartez rol horiek jaso. Horretarako segurtasun guneak behar ditugu rol horiek ez errepikatzeko. Beste espazio batzuetan gertatu zaigu gizon bat heltzea eta emakumeek baino gehiago hitz egitea, giroa apurtzea edo emakumezkoen masturbazioari buruz mintzatzea.

 

“Eremu mistoen beharra dagoen moduan, emakumeentzako eremuen beharra ere badago”

 

Nabarmendu nahi dugu oso talde anitza garela. Baten batek 60 urte baino gehiago dauzka eta 19 neskak daude baita. Belaunaldiak eta kulturak uztartu nahi ditugu.

Zergatik jarri diozu proiektuari izen hori?

“Zas kaleari” hitz elkarteak esan nahi du astindu bat ematea kaleari. Jendeak “klik” egin dezan eta beste ikuspegi batetik lan egin dezagun; feminista, alegia.

Horretarako artea erabili nahi dugu tresna gisa diskurtso feminista eta emozioak sortzeko, jarrerak aldatzeko. Horretan pentsatu genuen.

Aldi berean, pentsatu genuen zuhaitzek klitoria daukatela. Zuhaitzetara so egon ginen eta bururatu zitzaigun alua daukatela eta kaleak masturbatzea ondo legokeela.

Gainera, guztiok elkartzen gaitu kaleak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide