Tentsioak jarraitzen du Laudioko Udal Osoko Bilkuran

Erredakzioa 2016ko mar. 22a, 12:07

Atzo egin zuten udalbatza Laudion. Gai eta mozio ugari landu baziren ere -11 guztira-, garrantzitsuena izan zen alderdien arteko tentsioa ez dela baretu eta berriro azaleratu zela, erregu eta galderetan bereziki.

Otsailaren 29ko Udal Osoko Bilkuraren eztabaidaren ondorioak bistakoak izan ziren, hasieratik udal taldeen artean eta giroa hotza izan baitzen.

Atzo egin zuten udalbatza Laudion. Gai eta mozio ugari landu baziren ere -11 guztira-, garrantzitsuena izan zen alderdien arteko tentsioa ez dela baretu eta berriro azaleratu zela, erregu eta galderetan bereziki.

Otsailaren 29ko Udal Osoko Bilkuraren eztabaidaren ondorioak bistakoak izan ziren, hasieratik udal taldeen artean eta giroa hotza izan baitzen.

Horrez gain, EH Bilduk iragarri zuen ez zuela PSE-EEren mozioen eztabaidan parte hartuko; koalizioak argudiatu zuen bozeramaile sozialistak ez duela errespetua bermatzen horietan.

Mehatxuak

Sozialisten bozeramaileak eskatu zuen azaltzeko noiz eman diren errespetu falta horiek, baina EH Bilduko ordezkariek ez zuten erantzun eta otsaileko udal osoko grabaketa ikus zezan esan zuen Jon Ander Altubek.

Horren aurrean, Txaro Sarasuak adierazi zuen "gutun mehatxagarri" bat jaso duela bere postontzian, baina ez du Ertzaintzan salatu.

Erregu eta galderetan, gatazka berriz

Hala ere, une gogorrenak erregu eta galderetan jazo ziren berriro, nahiz eta sistema aldatu zuten -Udal Gobernu Taldeak proposatu zien oposizioko alderdiei banan-banan erantzutea, euren ekarpenak entzun ostean-. PSE-EEk eta EH Bilduk talkaren bat izan eta gero, Omniak hartu zuen hitza.

Independenteen bozeramaileak -Alvaro Barriosek- 10 puntu landu zituen eta, besteak beste, otsailaren 29ko udalbatzaren harira barkamena eskatzeko exijitu zion alkateari. Hala egin zuen Natxo Urkixok.

Dena den, Omniako buruaren azalpena luzatzen zela ikusirik, Jon Ander Altube EH Bilduko bozeramaileak galdetu zion askoz gehiago mintzatu behar zuen. Alvaro Barriosek erantzun zion 00:00ak arte -legalki ordu horretan bukatutzat eman behar dituzte udalbatzak- bazuela denbora.

Horrek zenbait zinegotziren ezinegona piztu zuen. EH Bilduko Isabel Bovedak gehiegikeria zela esan zuen. Horrez gain, Juanma Ibarretxe EAJko bozeramaileak hitza hartu zuenean adierazi zuen gauerdia mugatzat hartuz gero, hoberena izango litzatekeela udalbatzak 22:00etan hastea, alderdiek ahalik eta azkarren azaldu ditzaten euren iritziak.

Izan ere, Laudioko udal osoko bilkurak 18:00etan hasten dira eta orokorrean 22:30ak arte ez dira bukatzen, gutxienez.

Otsailaren 29ko eztabaida airean

Otsailaren 29an egindako udalbatzak oihartzuna izan zuen hedabideetan eta horren eragina agerikoa zen atzo. Hala ere, tentsioa eta eztabaida luzeak ohikoak dira Laudioko Udal Osoko Bilkuran. Eskualdeko gainerako udalbatzetan 2 ordu behar dituzte, oro har eta gehienez, gaiak lantzeko. Aldiz, Laudion 4 ordutik gora behar ohi dute.

Mozioak

Gauzak horrela,hainbat ekimen onartu ziren atzo. II. Menpekotasun planari oniritzia eman zioten, baita udal lokalen erabilera zehazteko mozioari, kiroldegiaren ordutegia zabaltzeko iniziatiba aztertzeari eta Arabako Pentsionistak Lanean aurkeztutako aldarrikapenari ere, pertsona nagusientzako zerbitzu publiko duinak bermatu ditzaten, besteak beste.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide