Igor Arzuaga aretarra ez da musikaria bakarrik, marraztea ere du gustuko. Horren adibide argia da plazaratu duen azken proiektua: ez da disko bat, liburu bat baizik, 32 marrazkiz osatutakoa. "Lore txuri polita" da lanaren izenburua, eta loreak protagonista moduan dituzten egoerak deskribatzen ditu, ukitu umoretsu eta surrealista batez zirpristindurik.
Kopia bakarra
Ezohikoa da baita bere lan berria plazaratzeko Arzuagak aukeratu duen moduan. Liburuaren kopia bakarra egin du, eta irakurri nahi duenak Laudioko Zuhaitza liburudendan "alokatu" ahal izango du, "borondatearen truke". Modu horretan, liburua eskuz esku igarotzea bilatzen du Arzuagak.