"Etiopiako gazteek Europako amets faltsua dute buruan egunero"

Erredakzioa 2016ko mar. 16a, 16:56

 

SENDOA ALDEKOA (1977, Laudio) Etiopian egon da Abay Nilo Azul erakundea laguntzeko. Azken bidaian lan tekniko ezberdinak garatu ditu. Laguntzen jarraitu ahal izateko zein dirua lortzeko apirilaren 17an In Real Time Lasterketa antolatuko du.

 

SENDOA ALDEKOA (1977, Laudio) Etiopian egon da Abay Nilo Azul erakundea laguntzeko. Azken bidaian lan tekniko ezberdinak garatu ditu. Laguntzen jarraitu ahal izateko zein dirua lortzeko apirilaren 17an In Real Time Lasterketa antolatuko du.

Nor da IRT lasterketaren antolatzailea?

Abay gorbernuz kanpoko erakundeak, Laudio Atletismo Klubarekin elkarlanean, Etiopiaren aldeko Laudioko Familiarteko II. lasterketa antolatuko du Laudion. Apirilaren 17ean izango da, goizeko 11:15etan.

Hori dela eta, lasterketan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu. Lasterketa izendatu arren, ez da kirol ekitaldi lehiakorra izango. Familia bereko kideek 1.500 metrotako distantzia egin beharko dute oinez, trostan, korrikan... ibilbidea betetzea da kontua.

Nolakoa da lasterketa?

Egun eta leku berean, goizeko 10:00etan, "In Real Time - Run With Ethiopia" lasterketa egingo da beste leku batzutan.

Hamar kilometro ditu probak, eta aldi berean Etiopian eta sstatuko hainbat hiritan egingo da; Hondarribi, Almusafes (Valentzia), Tres Cantos (Madril), Frigiliana (Malaga), Oviedo (Asturias) eta Walmara (Etiopia)

Probetarako izen emateen bidez lortutako dirua erabiliko da Walmarako neska gazteen heziketarako abian jarri den proiektua gauzatzeko.

Nola ekin zenioten lasterketa hemen antolatzeari?

Laudion, Nerea Garaio, nire koinata, eta biok hasi ginen Abay erakundean laguntzen. Gure familian handik etorritako neska bat dago eta Etiopiari eman diguna eskertzeko asmoarekin ekin genion lanari orain dela hiru urte.

Nolakoa da egoera Etiopian?

Etiopiako errealitatea gogorra, oso gogorra da, azpiegiturak ez dira onak (ur arazoak, elektrizitate falta, ospitaleak, errepideak...), sistema publikoak ez ditu biztanleen beharrak asetzen, ez dago industriarik ezta turismorik ere... multinazionalek kontrolatzen dituzte baliabide naturalak eta, horretaz aparte, ez dago egonkortasun politikorik.

Askotan joaten zarete Etiopiara?

Bion artean, saiatzen gara urtean hirutan joaten. Nire azken bidaia Gabonetan izan zen eta 20 egun pasa nituen umeen artean.

"Walmaran, eguzki sistema elektriko bat jarri genuen Abay-ek han daukan eskolan argia izan dezaten eta ur sistema bat ere instalatu genuen eskola berean".

Bi instalazio horien bidez arratsaldeko klaseak luzatzeko eta ume guztiak egunero garbitzeko aukerak lortu ditugu.

Zer eman dizue esperientzia honek?

Nahiz eta esperientziak eta ikusitako irudiak gogorrak izan, nik uste dut handik ekartzen ditudan gauza guztiak ematen diedanak baino askoz handiagoak direla.

Asko daukagu ikasteko; gure gizartea indibidualismoan oinarritu dugu eta arazo baten aurrean sentitzen dugun bakardadea etiopiarrek ez dute ezagutzen, gizarteak berak osatzen du talde kooperatiboa eta ezezagunen artean ikus ditzakezun ekintza solidarioak ez ditut, momentuz, gure inguruan inoiz ikusi.

Dena den, hango gazteek Europako amets faltsua dute buruan egunero. Ez dakite gure errealitatea eurena bezain gogorra dela, ezberdina bai, baina ez askoz hobea.

"Gure oinarrizko beharrak bete ditugu arazo barik baina ez gara edozerekin konformatzen, eta gero eta gehiago eskatzen diogu bizitzari, gure bizitza bera xahutzen, alaitasuna erosten eta  markako arropekin edo zaldi askoko autoekin mozorrotuta gure gizarte-maila neurtzen dugu."

Gure denbora garestiegia da eta gure ogia merke, eta, haiek, ordea, ogi faltan eta denbora soberan. Denbora ematen diote elkarrizketa bati, begirada bati edota kafe bat hartzeari. Guk ez daukagu ezta estresatzeko denborarik ere.

Itzultzen zarenean zer sentitzen duzu?

Etxera bueltatzen naizen bakoitzean gauza bera gertatzen zait, hiru aste behar dut nire lekua berreskuratzeko eta nire errealitate berriari aurre egiteko.

A-8 autobidea erabiltzen dut egunero lanera joateko eta zoratzen nau, behin lanean telefonoa ez da isiltzen eta zoratzen nau. Lasaitasuna mendian aurkitzen dut, mendian, naturan, gure hastapenetan eta beti pentsatzen dut gauza bera; "mendira nator Etiopiaren bila".



LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide