EAEko Auzitegi Gorenak ez du onartu Laudioko Udalak jarritako helegitea espainiar ikurraren afera dela eta.
Ondorioz, Natxo Urkixo alkateak 1.500 euro ordaindu beharko ditu espainiar ikurra balkoian jarri ez izanagatik.
Carlos Urquijoren mehatxuak
Carlos Urquijo laudioarra eta Espainiar Gobernuko Ordezkariak adierazi du hedabidetan salatuko duela berriro Natxo Urkixo, ikurren legea bete ez duelakoan.
Izan ere, Laudioko udaletxean espainiar ikurra ez ezik, beste 7 ikur ere jarri zituzten; Ikurriña eta Estelada, besteak beste.
Antza, Urquijoren asmoa da urratsak ematea Laudioko alkatearen desgaikuntza zigorra lortzeko.
EH Bilduko udal taldea aspertuta
Jon Ander Altube EH Bilduko alkate ordeak azaldu du nazkatuta daudela Carlos Urquijok kasu honetan erakusten ari den jarrerarekin.
“Ez dugu ulertzen zergatik tematu den horrenbeste Laudioko auzian” esan du Altubek. Gainera, EH Bilduko kideek nabarmendu dute Urquijok demokraziaren aurkako izaera erakusten duela etengabe. Independentisten ustean, ordezkaria saiatzen ari da lortzen inposizioaren eta auzitegien bidez hauteskundeetan PPk gauzatu ez duena. “Herriak Natxo Urkixo hautatu du alkate, eta ez Carlos Urquijo” erantsi du Jon Ander Altubek.