“Magia beltzez eta odolez beterik dago nire lehen eleberria”

Txabi Alvarado Bañares 2016ko mar. 2a, 08:11

 ENEKO ARCAS NOGALES (Areta, 1986) hainbat filma, telebista saio eta antzerki lanetan aritu izan da aktore moduan. Orain idazle moduan estreinatuko da, “Heraldos del mañana” liburua argitaratuko baitu laster, magiaz betetako saga baten lehen atala.

Idazle bilakatutako aktorea, edo iraganean aktore lanetan aritutako idazlea, zer da Eneko?

ENEKO ARCAS NOGALES (Areta, 1986) hainbat filma, telebista saio eta antzerki lanetan aritu izan da aktore moduan. Orain idazle moduan estreinatuko da, “Heraldos del mañana” liburua argitaratuko baitu laster, magiaz betetako saga baten lehen atala.

Idazle bilakatutako aktorea, edo iraganean aktore lanetan aritutako idazlea, zer da Eneko?

Txikia nintzenean burutik pasatzen zitzaizkidan ideia bitxi guztiak idazten nituen, antzezle izatea pentsatu aurretik. Dena dela, ez dut nire burua idazle bezala ikusten. Liburu hau idaztea adierazteko beste modu bat baino ez niretzako. Istorio bat nuen buru barruan eta erabaki nuen eleberri bat idaztea zela ideia hori munduarekin partekatzeko modurik hoberena, besterik ez.

Aktore eta idazle ofizioak ikaragarri zailak dira, baina ez bateraezinak, eta espero dut etorkizunean biekin jarraitu ahal izatea.

Aktoren munduan hamar urte inguru daramatzat. Figurante lanak egiten hasi nintzen, filma labur askotan eta publizitatean. Aurten fikzioa egiteko aukera izan dut. Orain dela gutxi nire azkenengo lana amaitu dut, “Igelak” izeneko filmean. Hilabete eta erdiko lan gogorra izan da, baina poz-pozik egina, talde profesional paregabe batekin eta gauza mordoa ikasiaz. Honen ondoren lan-eskaintza asko jasotzea espero dut.

Gerra hipotetiko batean kokatu duzu zure lehen eleberria.

Jainko zaharrak esnatu eta gizakiok planetari egindako kaltea ikusiko balute egon ahalko litzatekeen gerra batean kokatzen gaitu eleberriak. Beganoa izanda, klima-aldaketaz eta planetaren egoeraz asko arduratzen naiz. Zer gertatuko ote litzateke, natura gizakion aurkako konspirazio bat prestatzen egongo balitz? Zer gertatuko litzateke lurrikara, tsunami edo urakan bakoitzaren atzetik gizakiok ulertu ezin dugun arrazoi bat balego? Galdera horiek sortu ziren nire buruan eta begirada fantastiko bat eman nien. Idei horiek guztiak pixkanaka landu nituen eta elkarren artean lotzen joan nintzen, puzzle bat bailitzan.

Istorioak Mark-en eguneroko bizitzan kokatzen gaitu. Egun batean iratxo talde batekin topo egiten du eta mundua salbatzeko hautatua dela kontatzen diote. Horretarako lurraz arduratzen den iraganeko zaindari boteretsu bat askatu beharko du.

Eta ez dut gehiago kontatu nahi, baina aurreratzen dut abenturaz eta misterioz beteriko liburua dela.

Nolakoa izan da liburua idaztearen eta argitaratzearen prozesua?

Bi urte eta erdi behar izan ditut eleberriaren lehenengo atala amaitu eta hurrengoen garapena egiteko. Hasieratik nekien ez zela bolumen bakarreko istorioa izango, eta hurrengo liburuekin egindako loturak zainduta egon behar zutela. Baina pertsonaiak bizitza eta erabakiak euren kabuz hartzen hasi ziren, ni aurrez erabakitako planak aldatuaz.

Espero nuena baino prozesu korapilatsuagoa izan da argitaratzearen prozesua. Liburua munduko hainbat tokitan girotua dago eta elkarrizketa guztiak pertsonai bakoitzaren hizkuntzan daude idatzita. Irakurleak elkarrizketa guztiak ulertzeko azpitituluak ditu liburuak.

Hori ez da oso arrunta liburu batean baina errealitate puntu bat ematea oso garrantzitsua zela iruditu zitzaidan. Uste dut faktore horrek argitaletxea ustekabean harrapatu zuela eta hori dela eta liburuaren argitaratze data atzeratu izan behar dugu, bukaera perfektua lortzeko.

Martxoaren amaieran nobela liburu dendetan salgai egotea espero dut.

Pertsonai mitologikoak azaltzen dira liburuan, Euskal Herrikoak barne.

Magiaz betetako liburua da. Baina ez da hain ohikoak diren maitagarrien liburuak bezalakoa. Magia beltzez eta odolez betetako istorioa da.

Liburuan munduko hainbat lekuetako izaki mitologikoak agertzen dira, eta bakoitzak misio propioa du. Lehenengo atalak Euskal Herrian kokatzen gaitu. Magiaz beteriko lurralde batean bizi gara eta nire uztez ez diegu beste mitologia ezezagunei inbidiarik izan behar.

Euskal mitologiaz gain beste mitologia ezezagun batzuk sartu nahi nituen. Horretarako atzerriko lagun askorengana jo behar izan dut eta informazio asko ikertu. Oso prozesu polit eta aberasgarria izan da.

Magiaz beteriko mundu batean bizi gara, baina ez gara hura ikusteko edo sentitzeko gai.

Lehengo liburuan ondorengo euskal pertsonai mitologikoak azaltzen dira: iratxoak, Amalur, Basajaun eta sorginak. Hurrengo liburuetan pertsonai gehiago azalduko dira.

Hau lau libururen lehenengoa baino ez da, nola zabiltza gainontzekoekin?

Lau bolumen izatea aurreikusi dut. Baina, lehen esan dudan bezala, pertsonaiek euren erabaki propioak hartzen dituzte eta horregatik aldaketak egon daitezke.

Orain lehenengo atalaren promozioan nabil murgilduta eta bigarren bolumena alde batera utzi izan behar dut, baina hurrengo urterako prest izatea espero dut. Azken bi liburuak eskema eta zirriborroak baino ez dira momentuz. Oharrak eta zirriborroak. Oso perfekzionista naiz eta dena hari-mutur solterik gabe geratzea nahi dut.

Sinesgogorrak direnei esan behar diet lau liburuen amaiera idatzita dagoela, baina nik eta nire koadernoak baino ez dakigu zein izango den istorio osoaren bukaera.

Non duzu liburua aurkezteko asmoa?

Irunen badut aurkezpen bat lotuta, eta Laudion ere beste bat egitea gustatuko litzaidake. Baina liburua argitaratu arte ezin dut ezer zehaztu.

Etorkizunean aktore lanetan jarraitzeko asmoa daukazu?

Lehen aipatu dudan bezala, egin nahi dudan lehen gauza bigarren liburua idazteari ekitea da, baina aktore lanarekin uztartu egin beharko dut. Hurrengo hilabetean “Aundiya” izeneko filmean parte hartuko dut. Oraindik ezin dut proiektu horri buruz gauza askorik esan, baina grabaketa hasteko gogo asko ditut.

Ekainean estreinatuko den antzezlan berri batean ere nago lan egiten: “Don Quixote” izeneko balleta izango da.

Badakizu, entsegu asko eta denbora gutxi.

Gustatuko litzaidake baita nire ilobarentzako ipuin txiki bat idaztea. Fantasiaz beteriko istorio labur bat izango litzateke, beganoa nola eta zergatik bihurtu nintzen azalduko lukeena. Baina hori beste kontu bat da eta denbora dudanean egingo dut. Nire lur maitean telebista saio batean lan egitea gustatuko litzaidake.

Pena ematen dit aktore bezala egin ditudan ia lan guztiak Madrilen eginak izatea.

Hemen eskari gutxi dago eta aktore berdinak ikusten dira beti toki guztietan. Pena handia da gure telebista ekoizleek arriskurik ez hartzea aktore ezezagunei aukerak emateko. Baina  nire ametsak lortu arte ez diot borroka egiteari utziko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide