Foru Planaz baliatuta Laudioko Udalak zaharren egoitza erabilera soziokulturaletara bideratzeko laguntza eskatu zion Arabako Foru Aldundiari (AFA). Boletinean argitaratu dutenez, laguntza ukatua izan da. Zubiko Kurajoko obrarako diru-laguntza, berriz, onartu egin dute. Guztira 321.850,97 euro emango dituzte 2016 eta 2017 artean.
Iragan uztailean abiatu zuten zaharren egoitza birgaitzeko prozesua. AFAri egindako laguntza eskaeran eraikina berritu eta kontserbatzea nahiz irisgarritasuna bermatzea eskatu zuten. Ezezkoaren aurrean, hurrengo asteburuan Laudioko Udalak AFArekin bilera izango du, diru-laguntza lortzera bidean.
Eraikinak beharrezko dituen lanekin batera erabilera soziokulturalak zeintzuk izan behar diren zehazteko prozesu parte hartzailea abiatuko du udalak.