Joan zen irailan errefuxiatu familia bi hartzeko konpromisoa hartu zuen Laudioko Udalak eta herrian dauden bi pisu sozial prestatu zituen horretarako.
Bi familiak, ordea, ez dira heldu. Udalak Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari gutuna bidali die errefuxiatuen dramak behar duen urgentziazko erantzuna ez dela ematen salatzeko eta dagoen paralisi egoera gaitzesteko. Bidalitako gutunean mugetan zai dauden errefuxiatuei babesa emateko neurriak berraktibatzeko eskatu du Udalak.
Prozesua geldirik
2015an Espainiako Gobernuak Siriako 120.000 errefuxiaturi babesa emateko konpromisoa hartu zuen. Eusko Jaurlaritzak EAEn 1.000 pertsona ingururi ostatu emateko asmoa agertu zuen, horietatik 150, Araban. Laudioko Udalak salatu duenez, prozesua geldirik dago Europar Batasuneko gobernuek beraien mugak babesten tematuta daudelako.