Laudioko Udalak Aretako Bidezarreta kaleko 12. zenbakian dagoen eraikina botatzeko azken izapideak zehaztu ditu otsailaren 12an egindako Gobernu Batzordean. Prozesua sei hilabeteren bueltan amaituta egoteko konpromisoa agertu du Jon Ander Altubek, hirigintza arloko zinegotzi ordezkariak.
Bidezarreta kaleko eraikinaren eraispena Udalak hartuko du beregain, era subsidiarioan, orubearen jabeekin adostutako hitzarmena garatuz. Horrez gain orubearen 53 metro karratuko lursaila eskuratuko du Udalak hirigintza sistema orokorren erabilpenerako.
Lanak bi hilabetetan esleituko dira
Izan ere 2015eko apirilean adostu zuen Udalak orubearen jabeekin hitzarmena, baina jabetza-erregistroan orubeaz jasotako ezaugarriak ez zetozen bat bildutako dokumentazioarekin eta azken Gobernu Batzordeak orubean sortuko diren lursailen erregistroa behar bezala bideratu ahal izateko zuzenketak ebatzi ditu.
Eraikina botatzeko proiektu teknikoa ebatzita dauka dagoeneko Udalak eta bi hilabeteko epean esleituko ditu lanak, orotara sei hilabete iragarri dituelarik eraispena amaituta egoteko.
33 urteko prozesua
1983 urteaz geroztik luzatu den eraikineko jabeak eta Udalaren arteko desadostasuna konponduko du garatuko den hitzarmenak. Botako den eraikina urte hartako uholdeek eragindako kalteak konpontzeko egindako lanetan kaltetuta suertatu zen eta orduz geroztik erortzeko zorian izan da.Hiri-antolamendutik kanpo dagoen eraikina da eta egoera argitzeko jabeak eta Udalaren arteko negoziaketa luzatuz joan da tartean Arartekoaren ebazpen bat ere izan delarik. Udal Batzak 2014ko uztailan aztertu zuen gatazka PSEk aurkeztutako mozio bat dela medio.