Azaroan hasi zen Herriaren Eskuz Binakako XX. Txapelketa eta ostiralean emango diote amaiera. Hiru hilabete horietako partidekin bukatzeko ordua iritsi da eta txapeldunak nortzuk diren jakiteko mementoa.
Gauzak horrela, hiru txapelketen finalak jokatuko dituzte. Alde batetik, gaztetxoena, bestetik 19 urte baino gutxiago dutenena eta bukatzeko elite mailakoa.
Arratsaldeko 18:00etan emango diote hasiera XX. Herriaren txapelketako finalei. Lehenik eta behin, gaztetxoek parte hartuko dute. Hau da jokatuko den partidua:
Muguruza (Laudio) - Oliden (Añorga)
Orue (Usansolo) - Gartzia (Bergara)
18:30ean hasiko da 19 urte baino gutxiagokoen partidua:
Zubizarreta (Lazkao) – Garmendia (Lazkao)
Arrizabalaga (Markina)- Salegi (Asteasu)
Seniorren partida jokatuko dute azkenengoz, 19:30ean:
Albarado (Gasteiz) - Zabala (Lezama)
E. Labaka (Albiztur) – Telletxea (Albiztur)
Azpiri eta Gorrotxategi, Estatu Batuetan
Berez, Azpirik eta Gorrotxategik jokatu behar zuten finala, baina Euskal Pilota Federazioak aukeratu zituen San Frantziskoko “Basque Cultural Center” ekimeneko 33. urteurreneko ospakizunean parte hartzeko. Horregatik ezingo dira finalean egon. Horien ordez, Albaradok eta Zabalak jokatuko dute.
EITBko kamerek finalak grabatuko dituzte eta larunbatean ETB4 katean emitituko dituzte.
Prezioak aurreko urteko berak izango dira: bazkideentzako 2 euro eta bazkideak ez direnek 3 euro ordainduko beharko dituzte. 14 urte baino gutxiago dituztenentzat sarrera dohainik izango da.
Omenaldia
Jose Miguel Fernandez eta Pablo Gorostiaga omenduko dituzte finaletan. Izan ere, orain dela 40 urte, 1975eko azaroaren 6an, Herriaren elkartea sortu zuten.