Emaitza bikainak lortu ditu Ibone Sanchez Plazaola ATA Urola taldearekin eta “penaz” utziko du taldea. Izan ere, Madrilgo talde batek eskaintza bikaina egin dio eta Sanchezek onartu du.
Euskal Herriko triatloi zirkuitua bi aldiz irabazi du: 2013an eta 2015ean. Bere lorpenak beste talde batzuen arreta piztu du eta, hala, Saltokik eta Madrilgo Diablillos de Arribak beraiekin aritzea eskaini diote.
Azkenean Ibone Madrilgo taldearekin fitxatzea erabaki du. Bere ustez, Espainiako txapelketetan esperientzia falta du, proba handiak egitera ez dagoelako ohituta. Madrilgo talde horrek proba handietan parte hartzea eskaini dio eta Sanchezek urtetik urtera hobetu nahian, taldeari gehitzea erabaki du.
Urola uzteak pena eman dio, baina azkenean garestia izango zen triatloilariarentzat. Madrilgo taldeak, ordea, garraioa, izen-ematea eta ostatua ordaintzen dizkio. Urretxun eta Zumarragan lagun asko egin dituela azpimarratu du kirolariak. «Urolakoek nire erabakia ulertu dute. Beraiei ere pena ematen diela esan didate».