"Lehen 7 behirekin bizitzeko aukera zegoen, orain 300 behirekin irautea zaila da"

Erredakzioa 2016ko urt. 29a, 10:17

MAURI BENGOETXEA eta IÑAKI MANDALUNIZ (Laudio) Lekanda baserriko jabeak dira eta San Blas Azokan omenduko dituzte. Ia 40 urte eman dituzte baserria kudeatzen eta iraganari zein etorkizunari buruz mintzatu dira.

Aurten San Blas Jaiak omenaldia egingo dizue, pozik?

MAURI BENGOETXEA eta IÑAKI MANDALUNIZ (Laudio) Lekanda baserriko jabeak dira eta San Blas Azokan omenduko dituzte. Ia 40 urte eman dituzte baserria kudeatzen eta iraganari zein etorkizunari buruz mintzatu dira.

Aurten San Blas Jaiak omenaldia egingo dizue, pozik?

Mauri Bengoetxea: Bai, aitorpena jasotzea oso ondo dago.

Iñaki Mandaluniz: Ni ez naute aitortu behar, 67 urte eman ditut lanean, umea nintzenetik. Zer aitortuko didate orain?

Niretzat omenaldirik onena nekazaritza laguntzea izango litzateke, trabarik ez jartzea, alegia. Ez da zilegi handiek diru-laguntza guztiak eskuratzea eta txikiok egurra jasotzea.

Noiz lotu zenuten zuen bizitzak baserrira?

I.M.: Nik bizi osoa eman dut honetan. Nire familia baserrian aritzen zen. Nik lantegian lan egiten nuen baina, aldi berean, baserrian ere jarduten nintzen. Betidanik ekoiztu dugu esnea.

Zerbitzu militarra egin ostean makineria erabilita hasi nintzen baserriko lanak egiten auzo guztirako; lurra ireki, belarra moztu...

M.B.: Harik eta ezkondu nintzen arte banekien behiek 4 hanka eta 2 adar zituztela. Ez ninduten behartu ezta engainatu ere, banekien zer suposatuko zuen baserriak.

Aceros enpresako itxieraren ondorioz erabaki genuen behi esnearen ekoizpenean zentratzea. 39 urte eman ditugu eta zorionez erretiratu gara.

Nolakoa da nekazaritzaren egoera?

I.M. Oso txarra. Baserria gero eta baztertuago dago erakundeen aldetik. Zergatik kendu dituzte esne kupoak? Enpresa banatzaile handien mesederako.

Gaur egun akuiluek ez dute interesik sortzen, ez direlako errentagarriak.

M.B.: Ez du konpentsatzen, baina mundu polita da. Honetarako bokazioa eta sakrifizioa beharrezkoa da: 365 egun urtero eta 24 ordu egunero behar dira.

Lehen sektorea oso emankorra izan da.

I.M.: Jakina. Lehen 7 edo 8 behirekin bizitzeko aukera zegoen. Orain 300 behirekin irautea oso zaila da, pentsua asko garestitu da-eta.

M.B.: Guk irautea lortu dugu salmenta zuzen ugari egiten nuelako Laudion eta Orozkon. Sakrifizio izugarria behar da, baina pertsonekin zuzenean tratatzeak konpentsatzen du, zoriondu ohi genuen elkar.

Zer eman dizue baserriak eta zer kendu dizue?

I.M.: Dena. Nik ezin dut pisu batean bizi. Baserrian bizitzeak sortu dizkit buruhausteak eta zoriontasun handiko egunak.

"Baserriak zikloka funtzionatzen du; bolada onak eta txarrak dituzu".

M.B.: Niretzat naturarekin harremana izatea aberasgarria da. Animali batekin, landare batekin eta baratzean egoteak zirrara eragiten dit, gero eta gehiago.

Bizidunak dira, lurra munduko jainkosa da, ez dakit zergatik ematen digun hainbat gauza, ez baitugu errespetatzen.

Zuen ustez, zer behar du mundu horrek irauteko?

I.M.: Baserria sendotu behar da. Jende gaztearentzat zaila da, baina ondo legoke baserrietara jotzea desager ez daitezen. Desagertzen badira, gazteek faltan botako dute.

"Asfaltoak eta burdinak ez dute jakirik ematen. Baserrian ez zara aberatsa egingo, baina bizitzeko aukera izango duzu".

M.B.: Gazteria etor dadin eta ausarta izan dadin. Naturan bizitzeko indartsua izan behar duzu. Ni hemen bizi naizenetik ez dut oporrik izan baina ez dut nire burua mespretxatutzat jotzen. Lasai egoteko ez duzu urrutira joan behar.

Denak dauka prezio bat, baina zoriontasun honek ez.

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide