“Hogei urte baino gehiago eman ditut Laudioko tokien izenak bilatzen eta ikertzen”

Erredakzioa 2016ko urt. 28a, 07:15

BITTOR ARBIZU BARONAk (Laudio, 1954) Laudioko Toponimiari buruzko doktorego tesia egin du. Bihar aurkeztuko du lana bere herrian, 18:30ean Kultur Etxeko Arraño aretoan.

BITTOR ARBIZU BARONAk (Laudio, 1954) Laudioko Toponimiari buruzko doktorego tesia egin du. Bihar aurkeztuko du lana bere herrian, 18:30ean Kultur Etxeko Arraño aretoan.

Duela gutxi Deustuko Unibertsitatean defendatu duzu “Laudio Haraneko Toponimia Azterketa ” doktorego tesia.
Bai. Berez, izenburuak esaten digunez, bertako leku izenak aztertzea izan dut helburu, baina ahalik eta sakonen. Bi liburukitan bildurik daude toponimoak.

Lan handia, beraz.
Bai, horrela izan da. Hogei urte baino gehiagoko lana. Laudioko toponimia oso aberatsa da, bilatze lan sakona eskatzen du.
Alde batetik, artxiboetan bilatu behar izan dut. Laudiorekin zer ikusia izan duten hamabost bat artxibotan aritu naiz. Laudiokoetatik hasita, Gasteizkoetan, Bizkaikoetan, Kukullako Done Miliagakoan, Durangokoan, Madrileko Liburutegi Nazionalekoan... eta beste batzuetan aritu izan naiz.

Zer garaiko dokumentuak aztertu dituzu?

Kasu batzuetan ia 1000 urte dituzten artxiboak kontsultatu ditut, baina Laudioko Elizako nahiz Udal Artxibo Historikoetako datuak dira gehienak, eta horiek 1500. urtetik gaur egun artekoak dira. Hori izan da lanik sakonena, nik bakarrik 200.000 orrialde arakatu behar izan baititut.

Datu deigarriak agertzen zaizkigu. Adibide bat: Laudiok Bizkaiarekin muga egiten duenez, 1536. urteko dokumentu batean zera azaltzen da: “…los Malhechores, desterrados del Señorío de Vizcaya cumplían su destierro llegando a dicho Mojon de Axnabar..”. Leku hori Atxeta da, ‘Araeta’ zena 1375ean, Areta bilakatu da orain.

Hizkuntza aldetik esan dezakegu euskara izan dela bertako hizkuntza mendetan zehar. Hori dio 1774ko dokumentu batek: “el Valle de Llodio es compuesto de cuatro cuadrillas de mucho gentío y en caserías muy distantes y todos Bascongados cerrados…”.

Azken txostena 1922koa da, zeinetan Santa Luziako abadeak hau dioen: “La homilía se ha predicado estos diez últimos años en Bascuence y castellano. Es necesario que los nombramientos recaigan en quienes sepan vascuence”.

Laudioko toponimian euskarak presentzia handia izango du, beraz.

Euskarak iraun duen bitartean, esan daiteke ia izendapen guztiak euskal toponimoak izan direla.

Baina euskara galdu ahala, aldatzen edo galtzen joan dira, Bengoetxe Goikoa eta Bekoa izeneko baserriak kasu, edo Larrazabalen Kastañiza Goikoa. Orain aldiz jabearen izenaren bidez ezagutzen dira gehienbat, nahiz eta batzuek oraindik berezko izena jakin.

Begi aurrean dugun Alpitxu mendiari Isusikoek “Kurtzegan” esaten diote, beste batzuek “Oletako Gurutzea”, eta duela bi mende “Amestigana” deitzen zioten.

Historia aldetik zerbait aipagarria topatu al duzu tesia egiterakoan?
Bai, Laudiok berezko pertsonalitate historikoa izan du: 1085. urtean izan zen Elizaren kontsagrazioa. Berezko Jaunak izan zituen, baita Batzarrak ere. Gernikako Juntetxera joaten ziren ordezkariak. Nabarmendu behar da ere XVI. mendeko Euskal Herrian garrantzia handiko gizon bat izan genuela herriari lotururik: Poza lizentziatua, Olaetako baserriko andre laudioarrarekin ezkondu baitzen.

Zer nolakoak dira aurkitu dituzun toponimoak?
Toponimo gehienak deskriptiboak dira. Aurrean ditugun auzo eta baserriak, adibidez, halakoak dira: Atxurdin, Leposolo, Uribarri, Aspurusolo, Garate, Garatealde, Izagirre, Murdeta, Sakanburu… Beste batzuek, berriz, zereginari egiten diote aipamena: Mintegi, Karobizar, Ortuzar, Aldapa… Baina bada toponimo deigarriren bat ere. Guzur-aretxi ‘El árbol de las mentiras’ esaten zioten ironiaz. Larrazabalera doan bidegurutze bat da hori, eta jaien ostean hor elkartzen ziren auzokideak egunekoa nolabait handiturik kontatzeko.

Ikerketa egin bitartean hiru aldiz aritu izan naiz ahozko bilketa egiten, 150 ahots-grabaketa izan dira guztira. Berriemaileei nire betiko esker ona adierazi nahi nieke, haien laguntza handia izan baita.

Toponimoen bilketa eta azterketek denbora asko eskatzen dute. Metodologia zorrotz bat jarraitu behar da gainera, garapena eta ondorioak ateratzeko. Lan oso gogorra izan da,  baina euskarari eta herriari eskainia. Nire tesi zuzendariak (Juan Manuel Etxebarria) dioenez, Laudioko toponimia biltzea eta aztertzea oso inportantea da orainaldirako  eta etorkizunerako, eta Laudioko toponimia tesi formatuan bildu eta aztertzea lortu dut horrela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide