Basauriko Aprova elkarte animalistak eskutitza bidali die Laudioko Udalari, Arabako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari San Blas azokako zenbait ekintza bertan behera utz ditzaten. Zehazki, elkarteak uste du txerriaren erakusketa, erreketa, arraspatzea eta zozketa ez direla egin behar.
San Blas jaia Kukutxe elkarteak antolatzen du urtero -aurtengoa XVII. edizioa izango da- eta bere helburua da nabarmentzea txerriak antzinako gizartean izandako garrantzia. Horretarako zenbait txerriki mota nola ekoizten diren azaltzen dute.
Hori dela medio, hainbat ekintza gauzatzen dituzte San Blas egunean. Aurten ere, egun osoko egitaraua prestatu dute urtarrilaren 30ean eta azoka, gastronomia txapelketa, dantza erakustaldia eta erromeria egingo dituzte, besteak beste.