Abenduaren amaieran hasi zen aurrekontu parte hartzaileak osatzeko prozesua. Etxeetako postontzietan jasotako inkestekin -webgune bidez ere bete daitezkeenak- 2016ko aurrekontuak osatzeko ekarpenak egiteko aukera dute laudioarrek. Parte hartzeko, inkesta bete eta Udalak kokatutako 9 postontzietan sartu behar da, hilaren 29a baino lehen.
Duela hilabete gutxi udalbatzan aho batez onartu zuten inkestaren elaborazioa. Egituraketa gehienbat 2012ko udazkenean egindako lehentasunak zehazteko inkestan oinarrituta dago, aldaketa gutxi batzuekin, blokeei dagokionez: alde batetik alde orokorra dago eta bestetik alde zehatza.
Alde orokorrean Udalaren sailen inguruan galdetzen da. Zehatzean, aldiz, bi bloke daude: herria eta auzoa. Guztietan hiru gai proposatzen dira eta hutsune bat berriak gehitzeko. Gaiak aukeratzeko 2012ko inkestako lehentasunak hartu dira oinarri.