2016.urtean tenis eta padel pista berriak eraikiko ditu udalak Gardean. Elkarte eta herritarren eskaria dela eta, udalak pistak egitea erabaki du.
Laudioko Tenis Taldeak urteak daramatza pista berria eskatzen. Izan ere, gaur egun, institutua erabiltzen dute euren ekintzak burutzeko eta diotenaren arabera, jende guztiarekin bertan egon ahal izateko txiki geratzen zaie. Hori dela medio, askotan, jendeak taldeetatik kanpo geratu behar izan du.
Padeleko pistak eraikitzeko eskaria, aldiz, irailean abiatu zuten kirol horretan zaleak diren herritar batzuek. Arrakastatsua izan zen sinadura bilketa eta eduki zuen indarrari esker eta Gardean eraikiko dituzte padel pistak. Egun, kirolariak Arrigorriaga, Ugao edo Etxebarrira doaz padelean jokatu ahal izateko.
Pisten kokaleku zehatza
Teniseko pista Gardeako “futbol zelai gorrian” kokatu nahi dute, bolatokia eta frontoiaren artean. Padel pistak, ordea, belar artifizialeko zelaiaren eta Juan XXIII. ikastetxe zaharraren artean geratzen den toki librean eraiki nahi dituzte. Ideia estalpean egongo diren bi espazio egokitzea da. Horrek 100.000 euro baino gehiagoko inbertsioa suposatuko du.