Astebete edo bi aste barru emango diete hasiera Laudioko hiltegia eraberritzeko lanei. Lanen bidez fatxaden eta hegalen eraberritze partziala gauzatuko dute.
Obrak 33.030,05 euroko balioa izango du eta gauzatzea sei eta zortzi aste artean luzatuko da, udal gobernu taldearen arabera.
Fatxadei dagokionez, agertzen dituzten arrakalak estaliko dituzte. Arrakalek, fatxaden egitura eta egonkortasuna bera arriskuan jartzen ez badute ere, eraikinaren alde estetikoa kaltetzen dute. Hegalen kasuan, aldiz, arteken eta amildutako zatien ondorioz egoera okerragoan daude, eta berrosatzea ezinbestekoa da.
Lanek gainazalak prest utziko dituzte konponketen ondoren eraikina margotu ahal izateko. Horiez gain, estalkiko urak jasotzeko erretenak eta lurrera bideratzeko zorrotenak aldatuko dituzte.