"Gazaren aurkako azken sarraskiak izugarri kolpatu ninduen"

Erredakzioa 2015ko abe. 28a, 09:19

ANE IRAZABAL (Arrasate, 1984) kazetariak Ekialde Hurbilean eta Mediterraneoan lan egiten du eta Palestinan harrapatu zuen Gazaren aurkako erasoak, besteak beste. Bertako egoerari buruz mintzatzeko hitzaldia eskainiko du Laudioko Gaztetxean abenduaren 29an 19:00etan.

ANE IRAZABAL (Arrasate, 1984) kazetariak Ekialde Hurbilean eta Mediterraneoan lan egiten du, Palestinan harrapatu zuen Gazaren aurkako erasoak, besteak beste. Abenduaren 29an hitzaldia eskainiko du Laudioko Gaztetxean bertako egoerari buruz mintzatzeko.

Ekialde Hurbilari buruzko hitzaldia eskainiko duzu, gaia oso zabala izanik, zertan zentratuko zara? Zein izango da hitzaldiaren asmoa?

Ekialde Hurbileko erradiografia bat egiten saiatuko naiz. Egun zein egoeratan gauden ulertzen lagun gaitzakeen errepaso bat, nire esperientzietan oinarrituz.

Baina niretzat oso garrantzitsua da hitzaldira etorriko direnen iritziei eta zalantzei so egitea.

Non egiten duzu lan orokorrean eta zergatik? Norekin tratatzen duzu orokorrean informazioa eskuratzeko?

Hedabideak (tradizionala eta alternatiboak) eta sare sozialak, eta noski, herritarrak. Oso garrantzitsua da herritarren bizipenak entzun eta kontatzea. Erakundeei dagokienez, agenda bat daukat eta bertan idazten ditut kontaktu politiko guztiak.

Dagoeneko bete-beteta daukat. Agenda hori galduz gero ez dakit zer egingo dudan!

Nola erabaki zenuen kazetaritza mota horretan lan egitea?

Ikasketak amaitu nituenean erabaki nuen Ekialde Hurbilera joatea. Israelen eta palestinarren arteko gatazka jarraitu nuen lehenbiziz eta beste prozesu guztiak naturalki etorri ziren.

Edonola ere, ez dut nire burua gatazka kazetaritzat jotzen. Ekialde Hurbila eta Mediterraneo ingurua gogoko ditut, baina niri historioak kontatzea gustatzen zait, edonon direla ere.

Gatazka gunetako kazetaria izateak bizitzaren inguruko ikuspegia aldarazi dizu?

Agian hankak lurrean izaten laguntzen dizu, nolabait garrantzia daukanari garrantzia ematen, baina kontuan izan behar da kazetariak outsider batzuk garela, beste angelu batetik ikusten dugula gerretako biktimek pairatzen dutena.

Ez gaude eta ez gara inoiz egongo haien tokian. Guk gertatzen dena ikusten dugu eta gure erosotasunera itzultzen gara. Baina bai, halako esperientziek norberaren lehentasunak bere tokian jartzeko balio dute.

Zein da zure ibilbidean gehien hunkitu zaituen egoera?

Beno, Gazaren aurkako azken sarraskiak izugarri kolpatu ninduen eta oraindik ere oso presente daukat han bizitakoa.

"Bestalde, errefuxiatuen krisiak ere asko hunkitu nau. Uda eta udazkena pasatu ditut gai hori hainbat herrialdetan jarraitzen, eta ez dut sekula halakorik ikusi".

Iheslarien etorrerak eta haien egokitzapenak markatu egingo du etorkizunean sortu nahi ditugun gizarte europarra, eta hori denon ardura da.

Zeintzuk dira gatazka gunetako kazetariaren lan baldintzak? Onak, prekarioak...? Zuk bakarrik lan egiten duzu edo laguntzailerik daukazu?

Kazetariaren egoeraren araberakoa da hori. Oro har, freelance kazetarien egoera nahiko prekarioa izaten da, haiek hartzen dutelako gastuen ardura eta askotan ez daukatelako lan egiten duten hedabideen babes ekonomikoa. Berriemaileen baldintzak askoz hobeak dira. Nire kasuan, batzuetan bakarrik lan egiten dut, eta beste, batzuetan, berriz, kameralari batekin.

Eragina dauka emakumea izateak lanean?

Ez luke eraginik izan behar, baina askotan hainbat traba jartzen dizkigute. Baina baditu bere alde positiboak ere, izan ere, Ekialde Hurbileko emakumeekin harremana garatzea errazagoa da emakume kazetariontzat.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide