“Jendeak ez du gaztainak saltzearen atzean dagoen lana ikusten”

Txabi Alvarado Bañares 2015ko abe. 17a, 08:23

ADELA PECINO ZARZUELA (Cadiz, 1959) ia hamar urte daramatza gaztaina saltzaile moduan. Familiatik datorkion ofizioa da, bere aita duela 40 urte ekin baitzion tren itxurako gurpildun labearekin gaztainak kalean egosteari.

Aitatik datorkizu gaztaina-saltzaile ofizioa.

ADELA PECINO ZARZUELA (Cadiz, 1959) ia hamar urte daramatza gaztaina saltzaile moduan. Familiatik datorkion ofizioa da, bere aita duela 40 urte ekin baitzion tren itxurako gurpildun labearekin gaztainak kalean egosteari.

Aitatik datorkizu gaztaina-saltzaile ofizioa.

Hala da. Nire aita 1962. urtean hasi zen gaztaina-saltzaile gisa, Laudiora bizitzera etorri ginenean. Elikagai denda bat ireki zuen lehenbizi, eta gozoki kiosko bat jarri zuen gero, zeinetan gaztainak ere prestatzen zituen. Txurro denda bat jarri zuen gero, herrian zegoen bakarra.

“Beste testura bat daukate gaztaina galiziarrek: azala hobeto kendu ahal zaie, mamitsuagoak dira, hobeagoak”

Horrela aritu izan zen uholdeak izan ziren arte. Uholdeen ostean denda itxi zuen eta gaztaina-saltzaile soil izatera pasa zen. Lan horretan aritu izan da 1972tik orain dela bederatzi urtera arte. Apur bat gaixorik jarri zen eta postua jartzeko baimena jada tramitatua zuenez nik ordezkatu nion, eta orduz geroztik ni ibili izan naiz. Baina aurretik ere berarekin aritu izan nintzen gaztainak lortzen. Ofizioa, beraz, ez zen berria niretzat.

Zer egin behar da gaztaina-postu bat jartzeko?

Enpresa bat sortzea da, funtsean, egin behar duzuna. Udalari baimena eskatzen diozu eta Gizarte Segurantzan alta ematen duzu autonomo moduan. Eta gero zure kabuz aritu behar zara, prezio eta kalitate onak bilatzen. Guk 30 urte daramatzagu gaztaina-ekoizle berarekin lanean.

Nongoa da ekoizle hori?

Galizian egiten du lan. Gaztaina galiziarrak saltzen ditugu gehienetan. Baina apur bat beranduago erortzen direnez beste ekoizle batzuetara jo behar izaten dugu gaztaina-denboraldiaren hasieran. Horregatik, lehen astean Avila edo Andaluziako gaztainak izaten ditugu, nahiz eta ez ditudan galiziarrak bezainbeste gogoko.

Zer dute, bada, gaztaina galiziarrek beste lekuetakoek ez dutena?

Beste lekuetakoak irintsuagoak dira. Galiziarrak, berriz, beste testura bat daukate. Ez da irina murtxikatzen duzuna, mamitsuagoak dira, hobeagoak. Azala hobeto kendu ahal zaie... hobeagoak dira, orokorrean.

Eta Aiaraldean ez dago ekoizlerik?

Hemen ez. MercaBilbao da Gaztainak erosteko dagoen lekurik gertuena. Nik urrunagotik ekartzen ditut, nire aitak zituen harremanak baliatuta.

“Aiaraldean ez dago gaztaina ekoizlerik, MercaBilbao da lekurik hurbilena, eta urrunagotik ekartzen ditut nik”

Aldatu da gaztaina kontsumitzeko modua?

Kontsumitzeko modua berdina izan da azken 40 urteetan: dozena edo dozena erdi gaztaina egunkari papereko kukurutxo batean sartuta, egosiak. Jendeak orokorrean ez du gaztaina kuzinatzeko ohiturarik. Nik etxean egiten ditut errezetak gaztainarekin, urte osoan zehar. Txerria gaztaina saltsarekin, adibidez, oso gozoa dago. Kremak prestatzeko, jaki gozoak egiteko... gauza askotarako erabili daiteke gaztaina. Beste herrialde batzuetan gauza askotarako erabiltzen dira, baina hemen egosita jateko ohitura baino ez dago.

“Kontsumitzeko modua berdina izan da azken 40 urteetan: dozena edo dozena erdi gaztaina egunkari papereko kukurutxo batean sartuta, egosiak”

Lehen gaztaina gosea kentzeko erabiltzen zen, baina gaur egun txiroen jakitzat hartzen da, eta ez da sukaldean erabiltzen. Nire ama Malagakoa da. Bertan gaztainondo asko daude eta berak beti prestatzen zituen jakiak gaztainekin.

Gaztaina neguko produktua da, baina urte osoan zehar erabili daiteke. Nik oraindik baditut iazko gaztainak etxean.

“Kremak prestatzeko, jaki gozoak egiteko... gauza askotarako erabili daiteke gaztaina”

Ni urritik urtarrilaren hasierara arte egoten naiz, urtarril parteko gaztainak jada ez direlako onak, erdia bota egin behar dituzu.

Eta kontsumoa mantendu egin da?

Dena da erlatiboa. Nire aita gaztainak saltzen zebilen garaian 20 pertsonako ilarak sortu zitezkeen. Orain ez duzu halakorik ikusten. Jaitsi egin da kontsumoa, eta krisiarekin are gehiago. Postua lekuz aldatu dut eta hori dela eta azken urteetan igo egin dira apur bat salmentak, baina ez asko. Aldatu da dirua gastatzeko era.

“Nire aita gaztainak saltzen zebilen garaian 20 pertsonako ilarak sortu zitezkeen. Orain ez duzu halakorik ikusten”

Lehen jendeak kalean egitean zuen bizitza, eta orain ez. Nik negu osoa igarotzen dut hemen, eta hori ikusten dut. Zortzietarako badirudi jendea etxeratzeko deia egiten dutela. Ez dago inor, isiltasuna entzun daiteke. Jende gehiena sei eta erdietatik zapi eta erdietara dator gaztainen bila.

Zein da gaztaina-eroslearen perfila?

Denetarik dago. Umeak zirenean nire aitari gaztainak erosten zizkioten batzuk nire bezeroak dira orain. Adin eta jatorri guztietako bezeroak ditut, emakume saharar batzuk tartean. Ez dut perfil zehatzik, oso zabala da. Bezero gehienak egunero edo astean 2-3 egunez datoz gaztainen bila.

Zergatik du zure salmenta postuak tren itxura?

Historia luzea da hori. Nire aitak bidoi bat eta zulodun txapa bat erabili zituen lehen urteetan. Handik urte batzuetara erosi zion trena Azpeitia aldeko gaztaina saltzaile bati, duela 30 urte inguru, eta orduz geroztik guk izan dugu. Moldaketa batzuk egin dizkiogu. Lehen oihal bat zuen euritik eta haizetik babesteko, baina lekuz aldatu nintzenean oihala etxola batengatik aldatu nuen.

“Nire aitak bidoi bat eta zulodun txapa bat erabiltzen zituen lehen urteetan”

Etxolarekin bizi-kalitatea irabazi dut, lehen sekulako hotza jasan behar izaten nuen eta.

Anekdota asko ere izango dituzu kontatzeko.

Bai. Noizbait gaztaina zakuren bat lapurtu izan didate, nire begien aurrean. Badakit nor izan den, baina lotsa ematen dit ezer aurpegiratzea. Etxolako argiak ere lapurtu izan dizkidate. Barrea eragiten dizute anekdotak dira. Zer egingo du gizajo horiek bada etxolako argiekin edo gaztaina zaku batekin?

Aparkatzeko izan ditudan arazoak eta munizipalekin izandako hartu emanak ere anekdota dezente utzi dizkidate.

Gogorra da gaztaina saltzaileen lana. Denboraldia oso motza da eta ondo landu nahi baduzu egunero egon behar zara hemen. Jendeak soilik ikusten du postuan zaudela gaztainak saltzen. Baina ez dute atzetik dagoen lana ikusten. Aurretik gaztainak banan-banan aztertu behar dituzu, ondo dauden ikusteko. Ur beroan sartzen ditut eta flotatzen dutenak kendu egiten ditut, flotatzeak adierazten duelako seguru asko zizarea dutela barruan. Urpean geratu direnak banan-banan aztertzen ditut. Hogei minutu behar izaten dira bost kilo gaztaina arakatzeko.

Autonomo moduan dituzun zergak, udalari ordaindu beharrekoa eta gaztainen prezioa kontuan hartuta, ez zaizu diru askorik geratzen. Eta egoera dagoen moduan ezin dituzu prezioak igo. Niri ere garestiak iruditzen zaizkit, baina ezin dut gastuaren eta prezioaren arteko tartea ezin dut gehiago estutu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide