Ermuko Andra Mariren inguruari balioa eransteko proiektua azaltzeko hitzaldi zikloa eskainiko du Euskal Herriko Unibertsitateko GPAC-k, Ondare Eraikiari buruzko Ikerketa Taldeak, abenduaren 16, 17 eta 28an. Hitzaldiak Kultura Etxeko Arraño gelan eskainiko dira 18:30etik aurrera, gaztelaniaz.
“Obrak direla-eta, zabalik”
GPAC jakintza arlo ezberdinetako EHUko bost fakultatetako ikerlariak biltzen dituen ikerketa taldea da. Gasteizko Santa Maria katedralean erabilitako “obrak direla-eta, zabalik” leloak taldeak ikerketa zientifikoa garatzeko duen lan ikusmira laburbiltzen du, erantzukizun sozialetik abiatuta kultur ondarea edo kultur paisaia balio-katera jotzearen aldeko hautua eginaz.
16an, Ikerketa historiko eta arkeologikoa
Natxo Urkixok, Laudioko alkateak, aurkeztuko du hitzaldi zikloa abenduaren 16an. Lehen hitzaldia Laudion finkaturiko Sergio Escribano Ruiz arkeologo eta irakasleak eskainiko du ikerketa historiko eta arkeologikoen inguruan.
Ermuko Andra Mariren inguruan abian diren ikerketa lanak oso gertutik ezagutzen ditu Escribanok, abenduaren 29a arte Santa Luzia inguruan burutu diren indusketa arkeologikoak ezagutzeko eskaintzen ari diren doako bisitak koordinatu ditu.
17an, Dokumentazio grafiko lanak
Abenduaren 17an berriz, Dokumentazio grafiko lanen inguruko hitzaldia eskainiko dute Alvaro Rodriguez Miranda eta Pablo Perez Vidiella. Biak dira Topografiako ingeniari teknikoak eta hainbat arkeologia aztarnategietako elementuak 3D formatuan irudikatu dituzte, Kantabriako Valdeoleako “El cabezudo” menhirra edo El cincho de Yuso aztarnategia kasu.
28an, Arte higigarria
Azkenik, Fernando Bartolome Garcia eta Laura Calvo Garcia, EHUko irakasleek arte higigarriaren ikerlanaren inguruko hitzaldia eskainiko dute abenduaren 28an. Euskal Herria, Errioxa eta Burgoseko iparraldeko ondare erlijiosoaren inguruko ikerketa historiko artistiko ezberdinak garatu dituzte hizlariek eskultura, pintura eta dekorazio arteak ataletan.