Musika Etxeko lanak hasi dituzte dagoeneko. Zehazki, obra-hondakinak kentzeari ekin diote.
Lanen helburua izango da 750 metro koadroko eraikina jatorrizko kanpoko itxura errespetaturik, erabilera anitzetarako prest uztea. Arabako Foru Aldundiaren apustuak espazio irekiak, garbiak, lehenetsiko ditu kale mailatik gorako hiru solairuetan; antzoki zaharra, adibidez, eraikinerako sarbideekin bateratutako erakusketa eta hitzaldietarako aretoa bihurtuz. Eraikineko sotoa bestetik, biltegiak eta berotze eta aire girotu sistemak kotatzeko erabiliko da.
Eraikinaren irisgarritasuna bermatze aldera, jatorrizko eskailerak berregin eta igogailua ere ezarriko da. Izan ere eraikinerako sarrera nagusia Lamuza kaleko aurrealdean mantenduko da baina jatorrizkotik apur bat aldapan gorago, Ugarterako bidean. Pilotalekura jotzen zuen sarrera berriz, itxi egingo dute eta garai batean zinema proiektatu ahal izateko erantsitako zatia eraitsiko dute, pilotalekurako sarbideak hobetuko dituzte.