Laudioko Udalak merkataritza plangintza estrategikoa idatziko du 2016an Eusko Jaurlaritzak hiri-merkataritzaren lankidetza eta dinamizazioko estrategiak garatzen laguntzeko abian duen “Hirigune” programaren bidez.
Iñigo Martinez Cerrillok, Tokiko Garapen Agentziako arduradunak, planak landuko dituen hiru ardatz nagusiak azaldu berri ditu: merkataritza arloan elkarlan publiko-pribatuaren garapena, lokalak eta merkataritza-ehuna berreskuratzeko ekimenak eta merkataritza eta turismo sektoreen koordinazioa.
Plangintza 2016 urtean zehar idatziko da Merkataritza Indartzeko Plan Berezia (PERCO gaztelaniaz) lantzeko mahaian parte hartzen duten eragileekin eta Udaleko gainerako batzordeekin elkarlanean.
Abenduaren 12an, Show cooking saioa
Eusko Jaurlaritzak eta Basquetourrek, Turimoaren Euskal Agentziak, bultzatutako “Sukaldaritza sortzen” programak "show cooking" edo zuzeneko sukaldaritza saioa eskainiko du abenduaren 12an, Laudioko azoka plazan. Ekitaldia Laudioko merkatari eta ostalariek larunbaterako prestatu dituzten “Gabonetako shopping eguna” eta “Ostalaritza eguna” ekimenekin uztartuko da.