"Gabriel Aresti kontent zen Laudion, idazteko denbora uzten zion bere lanak"

Erredakzioa 2015ko abe. 4a, 18:53

ADUR LARREAk (Bilbo, 1982) "Biografikoa" komikia marraztu du. Gabriel Arestiren biografia da eta Laudio agertzen da kontakizunean. Egindako lanaren nondik norakoak azaldu ditu.

Eleberri grafiko bat kaleratu berri duzu, zeri buruzkoa?

Eleberri grafiko bat kaleratu berri duzu, zeri buruzkoa?

Gabriel Aresti idazle bilbotarraren biografia moduko bat egiten saiatu naiz. Asko idatzi da Arestiri eta bere lanari buruz, ikerketak, tesiak eta baita biografia bat ere… Komiki honekin baina, obra baino, pertsona ezagutarazi nahi izan dut.

Nola ez, ezinbestean lotuta dago bere obrarekin, testuinguru politiko edo sozialarekin, baina batez ere, esan dudan bezala, bere bizitzako alderdi gertukoena azalarazi nahi izan dut.

Zenbat denbora eman duzu hori egiten eta zer nolako lan egin duzu?

Urtebete inguruko lana izan da. Arestiren inguruko zerbait ezagutu eta bere lan batzuk irakurriak izan arren, onartu beharra daukat ez nintzela jabetzen zer izan zitekeen pertsona baten inguruko biografia bat egitea.

Hau da, lehenik, Arestiren obra eta obraren inguruan idatzi direnak irakurri, gutunak, garaiari buruzko informazioa aztertu eta ulertu (politika, gizartea…) eta gero irudi aldetik dokumentatu eta familiak berari buruz kontatutakoarekin sintesi bat egin.

Bigarrenik, informazio horrekin guztiarekin narrazio ildo bat osatu eta azkenik marraztu.

Arestik Laudion lan egin zuen eta bere egonaldiak eragina izan zuen bere lanetan. Zer aztarna mota utzi zioten Arestiri Laudiok eta eskualdeak?

Arestik Zorrotzako portuko lana utzi eta 1960tik 1965era lan egin zuen Laudioko Maderas Reunidas S.A enpresan, administrazio lanetan.

Antza denez, kontent zen beharrean, izan ere, idazteko denbora uzten zion bere lanak, eta Euskaltzaindiko bileretara baimenik eskatu gabe joan zitekeen.

Edozelan ere, nagusien begietara poeta "iraultzailea" zenez edo, ez zioten ez kategoria ez soldatarik igo eta horrek amorrarazi egiten zuen.

Aiarako konterriari buruzko poemak agian horren adierazle izan liteke neurri batean.

Suposatzen dut komikia egin baino lehen Arestiri buruzko iritzi bat zenuela eta orain beste bat duzula, asko aldatu da?

Iritzia baino, ezagutza esango nuke. Nire kasuan, irakurriak nituen bere poema eta ipuin zenbait eta nola ez, bere hitzekin Oskorrik egindako hainbat abesti ezagunak zitzaizkidan eta asko gainera kantu herrikoiak diren gaur egun.

Baina ez neukan Arestiren izaera edo nortasunaren inguruko informazio zehatzik. Eta hortik bideratu nahi izan dut biografia moduko hau.

Durangoko Azokan egongo zara eta bertan komikia erosteko aukera izango du jendeak, horrez gain non eros daiteke?

Azokan Zenbat Gara elkartearen standean. Ahotsenean Astelehena, abenduaren 7an, 12:00tan aurkezpena izango dut. Eta Durangoko azokatik kanpo ohiko komiki eta liburu dendatan.

Lan honen ostean beste zerbait prestatzen ari zara edo bere promozioan zentratuta zaude?momentuz jarraipenari so nago, komikiak ea zer nolako garapena duen aztertzen.

 

 

 



 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide