Abenduaren 12, 13, eta 19an, Gardeako kirol azpiegituretan, Laudio Tenis Klubaren eskolako ikasleen Tenis Txapelketa Sozialaren bigarren edizioa izango da.
Aurreko edizioan bezala, tenis eskolako kide diren lagun guztiak lehiatu ahal izango dira. Emakumezko zein gizonezkoentzako koadro eta joko-ordenak egingo dira kategoriatan sailkatuta.
Abenduaren 12an eta 13an, aurre partidak izango dira; 19an, berriz, kategoria desberdinetako finalak jokatuko: benjamin aurrekoak, benjaminak, kimuak, haurrak, kadeteak eta absolutuak. Klubak dionaren arabera, txapelketa entrenamendu ezin hobea izango da euskal zirkuituan aritzen diren jokalarientzat.
Udalari eskaria
Gaur egun 60 lagunetik gora entrenatzen dira eskolan, eta haietatik asko emakumeak dira. Laudion dagoen tenis eskolen eskari handia dela-eta, “Laudio Tenis Club” elkarteak tenis pista egokiak jartzeko eskatu dio Udalari.
Erakustaldi partida abenduaren 19an
Bestetik, Laudion antolatzen tenisari lotutako jarduerei amaiera emateko, abenduaren 19an, arratsaldez, erakustaldi partida jokatuko dute. Diego Chavez eta Iñigo Santos tenis jokalariak lehiatuko dira, 2014 eta 2015eko Euskadiko Absolutu kategoriako Txapeldunak, hurrenez hurren.
Fadurako Tenis Klubeko bi jokalari horiek nazioarteko txapelketetan parte hartzen dute gaur egun. Iñigo Santos lehena da Euskadiko rankinean, eta 81. estatukoan. Diego Chavez bere aldetik, Boliviar Federazioak aukeratua izan da, Copa Davis txapelketan parte hartzeko.
Partida guztiak doakoak izango dira, eta edonork ikusi ahal izango ditu.