Atzo Guardia Zibilak miatu zituen meskitara eguerdiko otoitz egitera joan ziren musulmanak. Gasteizko Komandantziak ohizko kontroltzat jo zuen atzoko ekintza baina Laudioko komunitate musulmaneko kide batek salatu du modu txarrean eman zirela miaketak. Hori ez ezik, Guardia Zibilak herriko meskitako lehendakaria mehatxatu zuela ere adierazi du.
Erasoak
Atzoko gertakaria asteburuan emandako erasoen ostean jazo zen. Larunbatean aurpegia estali zuen pertsona batek meskitako kideen kontrako mehatxuak eta islamaren aurkako irainak egin zituen.
Gainera, gauen zaborra bota zuten meskitako atean.
Lasaitasuna
Hala ere, Laudioko komunitate musulmanak ez dio berebiziko garrantzirik eman nahi erasoei. Euren aburuz elkarbizitza ona da herrian eta gertatutakoa nazioarteko testuinguruaren eragina dela uste dute.
Salaketa
Komunitate musulmanak larunbateko erasoak salatu ditu Laudioko Ertzain-Etxean eta Natxo Urkixo alkatearekin ere bilera egin du.