Tokiko Gobernu Batzordean hala erabakita, Bitorikatik Aretarako errepidea zein Landeta kaleko eta Atxarteko auzoko bideak konponduko dituzte. Obra pasa den urtean egindako asfaltatze lanen jarraipena da.
Bitorikan hasita, Anbulatorioko biribilgunean, Aretaren amaiera den Atxetaraino luzatuko dira lanak. Tartean, Landeta kalea eta Atxarteko bidea konponduko dituzte.
Lehenengo urratsean tokiko zerbitzu teknikoek garatutako proiektu teknikoa onartu dute, 321.053,57 euroko aurrekontuarekin. Ondoren, behin prozedura hasita, lanen egilea izendatu beharko dute. Udalaren arabera, lehentasun handia duen obra da, udaberrian burutzekoa.