Ponata Pagadiko leize sareari sarbide berria aurkitu diote Takomano espeleologia taldekoek
Takomano taldekideek azken asteburuetan lan mardula egin ondoren, Gorobel mendigunean (Aiara-Herriko lurrak) kokatutako Ponata Pagadiko leize sare garrantzitsuari sarbide berri bat bilatu diote, Burgoseko Rebollar-II harpetik hain zuzen ere.
Gogora dezagun, SI-44 markarekin ere ezaguna den leize sarea Arabako luzeena zen ia 50 km-tako garapenarekin. Losa Haranek sarbide berri honekin, leize sareari topatzen zaion laugarren ahoa da: bata Bizkaian dago eta beste biak Araban.
Ekimena Takomanoko kideena izan arren, AET/GEAkoen laguntza izan dute, lortutakoa talde biren arteko elkarlanaren emaitza izanik.
Aurkikuntzaren garrantzia handia da, sarbide berriak ateak zabaltzen baidizkio SI-44ko esplorazio sistematikoaren jarraipenari, bidea asko laburtzen duelako: vivac-a egin behar zen esplorazio puntaraino heltzeko eta orain ordu eta erdiko “bide samurra” besterik ez. Honek guztiak espektatiba handiak sortzen ditu: egun, 65 baino gehiago dira topografiatutako kilometroak, Euskal Herriko kobarik handienetakoa da eta aurreikuspenak askoz urrunago heltzeko modukoak dira. Takomanoko kideen ustetan, belaunaldi baterako baino gehigorako esplorazio lana omen dago.
Ponata Pagadiko leize sarearen historia
Arabako Espeleologia Taldeak (AET/GEA) Ponata Pagadiko leize sareko ohiko sarbidea 1983. urtean topatu zuen eta bere tamainari erreparatuta, berehala jabetu ziren garrantzi hidrologiko handiko leize sare erraldoi eta laberintiko baten aurrean zeudela. Hamarnaka kilometroko esplorazio zein topografia lanek amaierarik gabeko erronka agerian uzten zuten, lorpen bakoitzak ahotik urrundu ahala, logistika gero eta konplikatuago bihurtzen zuena.
1984ko erdialdean Burgoseko Edelweiss espeleologia taldeak Losako Salbadan kokatutako Rebollar kobazuloak esploratzen ditu. SI-44 ko sektore baten gainean egoteak eta Rebollar-II harpetik dabilen aire korronte indartsuak, koba biren arteko fisikoki ezinezkoa zirudien balizko lotura agerian uzten zuen. Aukera horren atzetik ibili dira urtetan zehar, AET/GEA-ko eta Takomanoko espeleologoak. Harri puska handiz osatutako lubiziaren zirrikituetatik zetorren aire korronteak gidatuta eta inurri lana eginda lortu dute azkenik bidea zabaltzea, baita leize biek bat egitea ere.