Orain dela bi aste Udalak eta Renfek bilera izan zuten. Bertan, Udaletik hirigintza batzordean talde politiko guztien artean adostutakoa helarazi zioten Renferi. Bileran hiru gairi buruz hitz egin zuten.
Lehena geltokiko irisgarritasunarekin lotuta zegoen. Igogailuaz gain, arrapala bidez edota Zubiko Kurajotik sarrera bermatzeko aukera aztertu zuten.
Bigarrenik, geltokitik trenetara igotzeko oztopoaz mintzatu ziren. Renfek aukerak aztertuko zituela baieztatu zuen.
Azkenik, trenaren zain daudenentzat babesleku bat jartzeaz jardun ziren. Geltokia babestutako eraikin historikoa dela kontutan hartuta aztertu beharko dituzte aukerak.