Laudioko Udalak irailean adostu zuen Siriako errefuxiatuak laguntzea ekarpen ekonomiko baten bidez eta bi udal etxebizitza eskuragarri jarriz.
Udalak larrialdi sozialetarako hiru etxebizitza ditu guztira. Haietako bat ez dago oraindik altzariz hornituta eta etxebizitza guztiei falta zaie maindire, eskuoihal eta abarrez hornitzea.
Isabel Boveda zinegotziak jakinarazi duenez, urriaren 22an pisu horien ekipamendua esleitu zuen udalak.
Altzariak eta etxeko gauzak
Hutsik dagoen pisua altzariz hornitzea –sukaldea eta bainugela barne- Garayo Altzariak enpresari esleitu zion udalak 13.983 eurotan. Bestalde, hiru etxebizitzen edredoien, maindireen, eskuoihalen eta abarren horniketa Natalia Hogar y Lenceria dendak egingo du 1.819 euroren truke.
Hilabete eta erdiko epean hiru pisuak guztiz erabilgarri izatea espero dute, haietako bi Siriako errefuxiatuei eskainiko zaizkie eta.
Laudioko Udalak ez daki oraindik noiz helduko diren errefuxiatuak eta zenbat izango diren, baina bi familia, 8 edo 10 pertsona inguru izatea aurreikusi dute.