"Ez ginen gai izan adosteko noiz hasi behar diren Laudioko Jaiak"

Erredakzioa 2015ko urr. 23a, 10:00

Zaloa Sanjurjo (Laudio, 1989) herriko jaien daten inguruko eztabaida sustatu duen taldeko parte-hartzailea izan da. Bihar Kultura Etxean eztabaida irekia egiteko deialdia zabaldu dute, 10:00etatik aurrera.


Zergatik parte hartu duzu jaien eztabaida bultzatu duen taldean?

Nik lan egiten dut Jai Koordinakundean Bihurriak koadrilako kide gisa eta esparru horretan ari gara lanean duela 7 edo 8 urte. Hasi zenetik, gutxi gorabehera.

Zaloa Sanjurjo (Laudio, 1989) herriko jaien daten inguruko eztabaida sustatu duen taldeko parte-hartzailea izan da. Bihar Kultura Etxean eztabaida irekia egiteko deialdia zabaldu dute, 10:00etatik aurrera.


Zergatik parte hartu duzu jaien eztabaida bultzatu duen taldean?

Nik lan egiten dut Jai Koordinakundean Bihurriak koadrilako kide gisa eta esparru horretan ari gara lanean duela 7 edo 8 urte. Hasi zenetik, gutxi gorabehera.

Orain dela hiru urte hasi nintzen udalak antolatutako batzarretan parte hartzen. Hortik aurrera beti egon naiz harremanetan gai honekin egin den guztiarekin.

Nola bizi izan duzu taldearen jarduera?

Dinamika oso lasaia izan da. Lan talde asko izan ditugu gai ezberdinak jorratzeko eta daten taldea oso lasaia izan da.

"Guk ez genuen erabaki bat hartu behar. Gure helburua zen azaltzea zein den bide errazena edo egokiena Laudiok esan dezan zer pentsatzen duen bere jaien datei buruz."

Urtebete eman dugu eta 6 bilera egin ditugu.

Adostasuna lortu duzue?

Saiatu ginen lehenengo batzarrean argitzen zeintzuk ziren guretzat oinarrizko irizpideak. Ez ginen adostasun batera heldu.

Lortu genuen gauza bakarra izan zen zehaztea 8 eguneko jaia -jarraian- izan behar dela. Eta hori izan da guztia.

"Ez ginen gai izan adosteko zein datan hasi behar zen edo zein hilabetean."

8 eguneko proposamen horrekin lortu genuen indarrean dagoen eredua kentzea (3+5 egun) eta planteatzea dauden beste eredu guztiak.

Gauzak dauden moduan uzteko alde ez zegoen inor?

Uste dut ezetz, hala ere planteatu da. Guk egin duguna da dokumentu bat. Eta bertan jasotzen dira aukera guztiak eta zeintzuk diren alde onak eta txarrak.

Horretan "3+5" eredua ere txertatu dugu.

Gero testu hori udalari aurkeztu zenioten eta udalak partaidetza-jardunaldia deitu du, nola bururatu zitzaizuen?

Gure helburua beti izan da eztabaida zabaltzea. Orain arte gai honi buruz eman diren eztabaida guztiak tabernetan edo koadrila multzoetan izan dira.

"Bakoitzak hitz egiten zuen zeukan informazioa erabiliz. Gure helburua zen guztiok informazio berarekin eztabaida zabaltzea."

Eta bestalde, hasieratik planteatu genuen udalari zerbait aurkeztea.

Nolakoa izan da udalaren jarrera?

Oso ona. Egindako lehenengo bilerara etorri ziren alkatea eta beste zinegotziren bat, ez dut oso ondo gogoratzen, talde politiko bakoitzeko zinegotzi bana.

Azaldu genien zein zen gure ideia eta onartu zuten. Lana bukatutakoan proposatu genien "world-cafe" hau egitea guk osatutako dokumentua erabiliz.

Politikari guztiek baiezkoa eman zioten.

Bihar izango da eztabaida. Zer espero duzu?

Ez dakit. Ni irrikitan nago baina ez dakit. Baikorra izanez gero, gustatuko litzaidake ondorio batera heltzea. Baina zaila da. Espero dugu horrela izatea.

"Lan talde ezberdinak egongo dira eta ondorio bat ateratzeko ondorio txikiak atera beharko genituzke."

Lan talde ezberdinetan ondorio berdinak edo antzekoak lortzen badira errazagoa izango da ondorio orokor batera heltzera.

Zein izango da dinamika?

Guk "world-cafe" eredua proposatu dugu. Baina udalak enpresa bat kontratatu du eztabaida gidatzeko.

Gure planteamendua da, 100 pertsona edo 200 pertsona, etortzen direnak -adin eta esparru anitzekoak, jaien antolakuntzari lotuta edo ez- heltzea eta guztiei jasotako informazioa helaraztea.

Informazioa jaso eta gero lan taldeak osatzea -10 pertsonetakoak, adibidez- eta 15 edo 20 minutuko eztabaida izan eta gero talde berriak eratzea eta eztabaidarekin jarraitzea ondorio ezberdinak ateratzeko.

Hori da guk planteatu duguna.

Horren ostean zein da zuen ideia?

Printzipioz gure lana bukatu da. Guk egindakoa udalari aurkeztu behar genion eta hori bete dugu.

Hortik aurrera hainbat taldek hartu beharko dute ardura: Apill-ek, Jaiak Koordinakundeak, Txosna Batzordeak...

Hitz egin beharko dugu, behin betiko ondorio orokorra lortzen badugu hobe guztiontzat. Eta ez bada horrela hitz egin beharko dugu berriro zerbait antolatzeko eta eztabaidarekin jarraitzeko.

Jendea animatu nahi duzu eztabaidan parte har dezan?

Bai, horretarako da, helburua da ahalik eta gehien zabaltzea eztabaida eta ahalik eta jende gehien parte hartzea.

"Nahiz eta jaien antolakuntzan parte ez hartu, garrantzitsua da jendea hurbiltzea. Are gehiago ez badira antolakuntzan aritzen, kanpoko ikuspegia izango baitute eta oso interesgarria izan daiteke ekarpen hori."

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide