Urtero bezala, urriaren 23an egingo da Laudioko IX. Elkartasun Azoka, Arabako GGKE Koordinakundeak eta Udalak antolatua. 11:00etatik 13:30era jarduera ezberdinak egongo dira Herriko plazan. Bertan erakunde batzuek egiten duten lan solidarioa ezagutu ahalko da eta Laudioko bizilagunak diren beste etnia eta kulturetako jendearekin egoteko parada egongo da.
Ekimenean Araban Garapenerako Lankidetzan lan egiten duten hamabost bat erakunde ezagutzeko aukera egongo da. Gainera, Laudioko etnia eta kultura ezberdinetako bizilagunek ere hartuko dute parte. Izan ere, haiek irakatsitako hennazko tatuajeak, eskumuturrak, orrazkera afrikarrak, azkazal margoketa, te arabiarra, txokolate peruarra... tailerrak egiteko aukera egongo da.
Halaber, herriko eskola zentroek ere postua edukikodute, lankidetza, kultura artekotasuna eta elkartasunarekin zerikusia duten lanak erakusteko.