Urriaren 27an hasi eta abenduaren 29 arte luzatuko da bisita gidatuen zikloa. Sergio Escribano arkeologoak gidatuko ditu bisitak eta astero hiru egunetan izango dira: astearte, ostegun eta larunbatetan. Asteartetan goizeko ordutegian (9:30-13:30), ostegunetan arratsaldeko ordutegian (15:30-19:30) eta, larunbatetan, goizez zein arratsaldez (9:30-13:30, 15:30-19:30) egiteko aukera izango da.
Bisiten egutegia:
- Asteartetan: 9:30-13:30
- Ostegunetan: 15:30-19:30
- Larunbatetan: 9:30-13:30 + 15:30-19:30
Ermuko Santutegia, altxor arkeologikoa
Ekainan Ermuko Santutegian lan arkeologikoa hasi eta nekropoli baten aztarnak aurkitu zituzten: bi hilobi, txanponak eta balio historiko handiko beste hainbat gauza. Bisita hauetan hori guztia ondo ezagutzeko aukera emango dute.
Bi hizkuntzetan, dohainik eta aurretiko erreserbarekin
Bisita gidatuak euskaraz zein gaztelaniaz eskainiko dira. Dohainik izango dira baina erreserba egitea beharrezkoa da. Erreserba egiteko 619753302 telefonora deitu behar da astelehenetik ostiralera hurrengo ordutegian: 9:00 14:00 / 16:00-19:00.
Bisiten iraupena 50 minutukoa da gutxi gora behera. Udan Ermuko Santutegian egin den lan arkeologikoa azaltzeaz gain, tenpluak biltzen dituen garai desberdinetako espresio artistiko eta historikoak aurkeztuko dira eta udan indusi dituzten eta orain beirate batez babestuta dauden hilobiak ikusteko aukera egongo da ere bai.
Laster www.ermualde.com webgunea abiatuko da bisiten inguruan informazio gehiago emateko eta Facebook eta Twitterren ere gaiaren inguruko kontu bereziak zabalduko dira.