“Zuzen” Laudioko Udalak eskaintzen duen nerabeak dituzten familientzako aholkularitza zerbitzua martxan jarri da berriro ere ikasturte hasierarekin batera. Laguntza 12 eta 21 urte bitarteko gazteen guraso edo familiei zuzenduta dago eta seme-alaben portaeraz arduratuta daudenei erantzuna emateko sortu zen.
Eskolan edo familian nerabeen jarreren ondorioz sortu daitezkeen arrisku, arazo edo gatazken aurrean gurasoei laguntza profesionala emateko balio du. Laudioko eskoletan matrikulatuta daudenei zuzendua dago eta familiei orientazio, balorazio eta esku-hartze azkarreko zerbitzua da.
Familia-egoeraren balorazio globalak egiten dituzte gainerako udal-zerbitzuekin koordinatuz. Behar izanez gero, Gizakia Fundazioko Hirusta Programa baliatuz, nerabeari edo familiari banakako edo taldeko interbentzioa egiteko aukera eskaintzen da. Interesatuek 944 034 850 zenbakira deitu dezakete, 8:00etatik 14:30era.