Laudioko Mikologia Elkarteak udazkeneko mikologia astea burutuko du urriaren 26tik azaroaren 1a bitartean. 35. edizio honetan hainbat kultur ekitaldi programatu dituzte asteburuan, domu santu egunean, Herriko plazan izango den mikologia erakustaren harira.
Okondo jatetxeko sukaldariak, Nerea Otaolak, abiatuko du programa astelehenean, hilak 26an, Zubiko etxean 19:00etan eskainiko duen erakustaldi gastronomikoarekin. Asteazken eta ostiralean, egoitza eta ordutegi berdinarekin, ikus-entzunezko emanaldiak eskainiko dituzte, “Bertoko flora eta fauna” Alfredo Conde argazkilari naturalista laudioarraren eskutik hilak 28an eta “Naturaz berbetan” hilak 30ean, Cristobal Burgos argazkilariak eskainitakoa.
Gorka Urkijori omenaldia
Ostegunean berriz, hilak 29an, Gorka Urkijo Tudanca, elkarteko kidea eta Laudioko ondare naturalaren dibulgatzaile paregabea zenari omenaldia eskainiko diote mikologia elkarteko kideek, Zubiko etxean, 19:00etatik aurrera.
Erakusketak, lehiaketak eta dastatzea
Igandean, azaroak 1, bezperako goizean mikologia elkarteko kideek eta batzen diren gainerako mendizaleek jasotako perretxikoen erakusketa burutuko dute Herriko plazan 10:00etatik aurrera. Larunbata arratsaldean, 17:30ean, erakutsiko diren perretxikoen sailkapena burutuko dute elkartearen egoitzan.
Ekitaldia jai giroan garatuko dute trikitilarien laguntzaz eta goizean zehar haur eta gazteentzako marrazki lehiaketa, ospatzen duten 28.a, eta gastronomia lehiaketa ere, 29.a, burutuko dituzte.
Ibai Garciak prestatutako mineral eta fosilen erakusketarekin osatuko da programa. Plazara hurbildutakoek 5 perretxiko pintxoz, bi hotz eta 3 bero, osatutako sorta dastatu ahal izango dute hiru eroren truke, aldi berean Mikologiari buruzko errezeta- liburuxka eta material mikologiko eta naturalistarako 3 sortaren zozketarako zenbaki bat eskuratuz.