Gaur abiatu dute Kantabriako Entzutegian Mario Iglesiasen aurkako epaiketa. Akusatuari leporatzen diote bi laudioar hiltzea: Gabino Garcia eta bere alaba Mercedes Garcia. Gertakaria 2014ko abuztuaren 17an jazo zen.
Fiskaliak 20 urteko kartzela zigorra eskatuko du ustezko hiltzailearentzat Mercedes Garciaren erailketa dela medio eta beste 15 urte gehiago Gabino Garciaren gizahilketagatik. Gainera, 300.000 euroko kalte-ordainketa exijituko dio hildakoen familiarentzat eta 5.426 euro Kantabriako osasun zerbitzuarentzat.
Akusazio partikularrak aldiz 40 urteko kartzela zigorreko eskaera egingo du eta 500.000 euroko kalte-ordainketa biktimen senideentzat.
Ostegunean bukatuko dute epaiketa eta epaimahai herritar batek hartuko du epaiaren inguruko erabakia.