Urriaren 10ean ospatuko da Osasun Mentalaren Nazioarteko Eguna. Hori dela eta, ASASAM Aiarako gaixo mentalen elkarteak ekintza desberdinak antolatu ditu. Programa urrian zehar garatuko da, Laudion, 10ean bertan ekintzen gehiengoa egingo bada ere.
Egitarauari urriaren 8an, osteguna, emango zaio hasiera, pintxo-potea antolatzen duten tabernen zonaldean 19:00etan egingo den “performance”-arekin.
Hortik urriaren 10era egingo dute salto, Osasun Mentalaren Nazioarteko Egunera. Egitarau osoa Aldai plazan garatuko da. 11:30etatik 14:00etara Buru osasunari buruzko informazio postua, ASASAMeko erabiltzaileek landutako eskulanen erakusketa eta salmenta postuak, haurrentzako ekintzak eta futbito partidaz gozatzeko aukera egongo da. 11:30-12:30 bitarte, berriz, elkartruke postua egongo da. 12:30etan adierazpenaren irakurketa egingo dute, ondoren globoak askatzeko. Goizari amaiera emateko, 14:30etan Toki On jatetxean bazkaltzeko aukera izango da. Arratsaldeko egitaraua 17:30etan hasiko da, globoflexia ikuskizunak eta kontakizunekin, egunari amaiera emateko.
Ez zaio, hala ere, egun handiarekin egitarauari amaiera emango. Beste hiru hitzordu antolatu ditu ASASAM elkarteak. Urriaren 14an Kultur Etxeko Arraño aretoan 18:30etan Alicia Garcia Santosek hitzaldia emango du, “Como prevenir y actuar ante la violencia de genero” izenburuarekin. Astebete beranduago, urriaren 21ean, leku eta ordu berean, “Depresion y ansiedad” eskainiko du Jon Keltsa Martinez Sta Colomak. Egitaraua ixteko, urriaren 28an, aurreko biak bezala Arraño aretoan 18:30etan, “Patologia dual” izango du hizpide Francisco Javier Ogando Rodriguezek.