"Menditik galduta ibiltzeak asko irakasten dizu"

Erabiltzailearen aurpegia Irati Moreno 2015ko ira. 23a, 06:23

AARON GARMENDIA (Laudio, 1983) Raid txapelketetan aritzen da. Hori dela ea hainbat kirol praktikatzen ditu eta munduko herrialde ezberdinetara mugitu da txapelketa horietan parte hartzeko.

Zenbat kirol praktikatzen dituzu? Zeintzuk?
Praktikatu, praktikatu... Lehiatu Orientazio lasterketetan eta Raidetan. Hala ere, Raid baten barnean kirol pilo sartzen dira: korrika, mendi bizikleta, kayaka, eskalada, patinak, espeleologia, arroi jaitsiera, arku jaurtiketa....

AARON GARMENDIA( Laudio,  1983)   Raid txapelketetan aritzen da. Hori dela ea hainbat kirol praktikatzen ditu eta munduko herrialde ezberdinetara mugitu da txapelketa horietan parte hartzeko.
 
Zenbat kirol praktikatzen dituzu? Zeintzuk?
Praktikatu, praktikatu... Lehiatu Orientazio lasterketetan eta Raidetan. Hala ere, Raid baten barnean kirol pilo sartzen dira: korrika, mendi bizikleta, kayaka, eskalada, patinak, espeleologia, arroi jaitsiera, arku jaurtiketa....
 
Raid-a aipatu duzu. Azalduko diguzu zertan datzan raid froga bat?
Raid bat abentura froga bat da, erresistentzia jarduera dibertigarri bat, orientazioa eta gutxienez bi kirol froga izango dituena.
 
Proba hasieran, parte hartzaileei mapak banatzen zaizkie. Mapa horietan hainbat mugarri daude irudikatuta eta bakoitzak puntuazio jakin bat dauka. Parte hartzaileek ibilbide egokiena aukeratu eta denbora jakin baten barruan ahalik eta mugarri gehienetatik pasatuz ahal den puntu gehien lortzea dute helburu.
 
Froga tramotan banatzen da. Tramo bakoitzean kirol aktibitate espezifiko bat egiten da, trekking-a eta mendi bizikleta normalean. Baina badaude proba bereziak ere, hala nola, kayak-a, espeleologia, eskalada edo/eta soka-trebetasunekin erlazionatutako bestelako ekintzak.
 
Egiten duzun guztitik zer da gehien eta gutxien gustatzen zaizuna? Zergatik? 
Kirol guztiak ezberdinak dira, eta ezin dut esan bat bestea baino gehiago edo gutxiago gustatzen zaidanik. Konpainiak eta inguruak egiten dute raidaren edozein espezialitatearen edertasuna.
Zorionez raidetan taldean aritzen gara eta egoten diren parajeak maiz ederrak izaten dira.
 
Zein da egiten dituzun kirol guztietatik prestakuntza gehien eskatzen duena? Zergatik?
Raidetan korrika eta mendi bizikleta dira garratzi handiena duten frogak, ordu kopuruak kontuan hartuta. Horiei eskaini behar diet entrenatzeko denbora gehien, astean 5-6 egunez. Baina noski, kirol honek badu besteek ez duten gauza bat: orientazioa. Berdin du oinez zein bizikletaz egin, uneoro antolakuntzak emandako mapa oinarri, nire bidea jorratzen joan behar naiz.

Ez du zertan korrikalari onenak raida irabazi. Korrika asko egiten jakin baino, nora eta nondik egitea da garrantzitsuena.

Hau dela eta, noizbehinka mendira joaten naiz, inguruko mapa bat eskuan dudala.Beste kirolei arreta gutxiago eskaintzen diet, eskalada, kayaka eta patinak noizbehinka hartzen ditudan arren.

Zer da orientazio froga baterako behar dena? Orientazio froga mota ezberdinak daude?

Oinez joateko orientazio froga batek ez du gauza handirik eskatzen. Iparrorratza eta antolakuntzak ematen duen mapa besterik ez.

Disfrutatzeko kirola da, txikitatik jolastutako “altxorraren bila”-ren xarma du. Ezkutatutako kontrol puntuetara joan behar duzu ahalik eta azkarren. Taldeka, bakarka, oinez, korrika... egin daiteke. Famili asko elkarrekin ikusten dituzu, ume txikiek “altxorraren bila” esaten diote. Gainera oinez, bizikletaz, patinetan, eskietan... izan daitezke frogak.

Orientazio frogak gaur egun indarra hartzen daudela uste duzu?

Bai, zalantzarik gabe.

Europako iparraldean askoz ohituagoak daude kirol honetara. Telebistan, hemen futbola emititzen duten lez, han orientazio lasterketak ematen dituzte.

Baina, hemen bagoaz apurka apurka pausoak ematen. Euskal Probintzia bakoitzak badu bere taldea eta hemen jorratzen diren ligetan 400 pertsona inguru ere egoten dira.

Zer gomendio emango zenioke orientazio froga batean lehenengoz parte hartzen duenari?

Galtzeari beldurra galtzea! Hitz jolasa ematen du, baina jendarte honek ez digu kale egiten uzten, dena kontrolpean izaten saiatzen gara. 

Baina arraroa ematen duen arren, menditik galduta ibiltzeak asko irakasten dizu.

Galtzea gure kontrol galera dakar, eta berreskurapen saiatzeak, gure dohainak garatzen ditu: zure ingurua miatzen hasten zara, erreferentziak topatzen, ezagutzen duzun lekuren bat bilatzen... orain arte inor ez da basoan geratu, nik dakidala.

 Behin hori lortuta disfrutatzera etorri. Duda barik errepikatuko dute.

Delikan egindako froga zuk prestatu zenuen? Partaidetza handia egon zen froga horretan, espero zenuten?

Bai, 4 hilabetez egon nintzen hango mapa prestatzen. Bide guztiak marrazten, landaretza, hesiak, ibaiak... Bukatu bezain laster deia luzatu nuen internet bidez, eta uste baino partaide gehiago egon ziren. 350 inguru.  Inguruaren edertasuna lagun izan nuelako, egia esan.

 Latiorroko jaietarako orientazio jolas herrikoia antolatu duzu. Zer moduz joan da? 

 Oso ongi. oso partaidetza hetereogenoa egon zen. Guraso pilo umeei jarraika eta hainbat ume ezin gurasoak jarraitu. Orientatzaile petoak egon zire. Denak disfrutatzen eta bakoitzak bere erritmora. Guztira 107 partaide egon ziren. Harrera ona eta dagoeneko jaso dut hurrengo batean egiteko eskaera.

 Mendi lasterketek ere indar asko hartu dute azken urteetan. Zuk zer uste duzu dela mendia, korrika egiteko edo ibiltzen joateko?

Badakit debate hori gaur egun badagoela. Baina niretzat, badaude mendian aldatu beharreko hainbat kontu. 

Ni ez naiz nor esateko menditik zer egin behar den. Hala ere, askotan esan didate oinez egiteko. Bakoitzak mendia era batera ulertzen du. Nik askotan korrikan egiten dut eta beste askotan oinez.

Egia da oinez egiteak zentzuak zabaltzen dizkizula eta inguruaz gehiago disfrutatzen dela. Baina korrika egitean, ibilbidea luzatu egiten da eta kilometro gehiago ikusteko aukera ematen dizu. 

Urtero martxak eta lasterketen kopurua bikoiztu egiten da, partaideen kopurua bezala. Zoritxarrez herrietatik etorritako “urbanitak” izaten dira maiz. Ekologia kontzientzi gabekoak: Animoak emateko harriak sprayz margotzen dituzte (Gorobelen ikusi daitezke adibideak), plastikoak menditik laga, hesiak zabaldu eta abereek ihes egiten dute... Horrek ekarri du nik uste lehengo mendizaleon ikusmira kaxkarra korrikalariongan. 

 Ni Korrikalaria naizen arren, mendizalea naiz horren gainetik. Horregatik, natura zaintzen dugun bitartean, berdin dit bakoitzak zein erritmotan egiten duen.  

Beste herrialde batzuetatik aritu zara froga batzuk egiten. Nondik aritu zara?

Euskal Herritik kanpora askotan irteten gara, bai raidetan eta baita orientazio frogetan ere. Iberiar penintsulako toki askotatik ibili gara, Katalunia, Asturias, Teruel, Valentzia, Aragoi, Errioxa, Palentzia... Frantzian eta Korsikan ere ibili gara.

 Egin dituzun froga guztietatik zein da ez duzuna inoiz ahaztuko?

Korsikakoa eramango dut beti bihotzean. 5 eguneko froga izan zen. 70 ordu inguru guztira. Etapa bat 38 ordukoa izan zen. Une oso txarrak pasa nituen (zorabioak, deshidratazioa...) baina, Europar liga horretan bigarren gelditzean, taldeaz oso harro sentitu nintzen. Gainera, uhartea sekulakoa da: Kayakean ur gardenetan egin, mendi garai eta zorrotzetatik korrikan ibili, arroi jaitsiera zoragarriak...

Bukatzeko, frogaren batean gertatutako xelebrekeriaren bat kontatuko diguzu?

Lasterketa guztiak hasi aurretik beti lehiakideei erreparatzen diezu, ahalik eta informazio gehiago lortzeko. Ia korrikalari onak diren, orientatzaileak... itxurak badu ere ikaratzeko gaitasuna. Baina kirol honetan aurre-iritzi guzti horiek indarra galtzen dute irteera ordua igaro bezain pronto.

Behin bi txirrindulari profesional etorri ziren, haietako bat Tourrean bigarren postua lortutakoa. Egia esan, momentu horretan uste izan nuen gure irabazteko probabilitatea hustu egin zela. Baina kontrolik gabeko abiadurak Raidetan ez duenez balio... ez ziren orientatzeko gai izan eta km gehien egiteagatik ardo botila batekin eskertu zitzaien haien presentzia nahiz eta azken postuetako bat lortu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide