Joan zen Irailaren 8an Siriako arazoaren inguruko adierazpen instituzionala onartu zuen Udalak aho batez, Europar Batasunak Siriako gerran duen erantzunkizuna salatuz eta egoera horretatik ihes egin duten errefuxiatu guztiei babesa emateko urratsak eman daitezen eskatuz. Udalak ekintza plan bat osatzea eta behar den aurrekontu-saila prestatzea eskatzen zion Eusko Jaurlaritzari eta Udaletik gainontzeko instituzioekin batera lan egiteko asmoa agertzen zen.
Hasierako urratsak
Ongizate Batzordeak gai hau jorratu du eta sakoneko arazoa Europar Batasunak berak sortarazi duela salatzeaz gain, hainbat neurri adostu ditu:
Alde batetik, Udalak 3.000 euro emango ditu ACNUR-en bidez Sirian geratu direnei laguntzeko eta beste aldetik, Laudion Siriatik datozen pertsonak hartzeko hasierako urratsak hasi dira.
Bi pisu sozial erabilgarri
Arabako Foru Aldunditik Laudiok dituen azpiegituren inguruko informazioa eskatu dute. Herrian Eusko Jaurlaritzarenak diren bi pisu sozial daude erabilgarri, haietako bat erabiltzeko prest dago eta Udalak bigarrena ere prestatzen ari da errefuxiatuak hartzeko prest egon dadin.
Bi familia
Laudiora etorriko den pertsona kopurua ez dago argi oraindik baina hasierako datuen arabera bi familia izan daitezke, 7-10 pertsona inguru guztira.
Sare herritarrak sortzea ere aipatu da baina momentuz ez dago argi zenbat pertsona eta nola etorriko diren eta beraz zer izango den beharrezkoa. Momentuz Udala Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak zehazten dituzten urratsen zai dago aurrera egiteko.