Udaletxe alboan dagoen orubean Antzokia eraikitzea proposatu zuen aurreko udal gobernu taldeak eta egitasmo horren etorkizuna irailaren 21ean argituko da neurri handi batean.
Egun horretan Laudioko udal taldeek batzordea egingo dute eta EH Bilduk garatutako aurreproiektua baztertu edo onartu beharko dute. Jon Ander Altube alkate ordeak azaldu du batzorde horretan eztabaidatuko dela jorratutako aurreproiektuak azpiegitura horrek beharrezkotzat jotzen dituzten baldintzak betetzen dituen.
Proiektua egin
Aurreproiektuak gehiengo baten babesa lortuko balu hurrengo urratsa proiektua idaztea izango litzatekeela azaldu du Jon Ander Altubek. Gainera, bideragarritasuna eta finantzazio bideak aztertu beharko lituzke udalak.
Alkatea ordeak ziurtatu du Laudioko udalak ez duela zorrik eta badaukala gaitasuna proiektua martxan jartzeko. Bestalde, gaineratu du Antzokia indarrean dagoen legealdiko lehentasuna izango dela, herritarrek horren gabezia nabarmendu baitute askotan.