Laudioar txirrindularitza elkarteak Arabako Txirrindularitza elkartearekin batera antolatu du Sanroke jaien egun handian -abuztuak 29, odoloste eguna- jokatuko den Laudio Saria proba. Proba arratsaldeko lehen orduan abiatuko da, 15:30ean hain zuzen ere eta Pablo Bilbaoren omenez jokatuko da, Laudioar Txirrindularitza elkartearen historian lan handia egin duen herritarraren omenez.
Lasterketak bi kategoria jasoko ditu; elitezko txirrindulariena eta 23 urtetik azpikoena.
Ibilbideari dagokionez, parte hartzaileek 128 kilometro egin beharko dituzte Malkuartu gaina lau aldiz zeharkatzen duen 32 kilometroko zirkuituan. Laudiotik abiatu, Luiaondo zeharkatu, Arespalditzarako bidea hartu, Zuhatza zeharkatu eta Okondo atzean utzita Laudiora bueltatu behar izango dute Malkuartu gaina igarota.
Zirkuituaren azken bueltan Laudio erdigunea ere zeharkatuko dute txirrindulariek, helmugarako sartu baino lehen.