"Mikel San Joserekin lagun giroan hitz egitea izan da guretzat hoberena"

Erredakzioa 2015ko abu. 25a, 17:04

AITOR FUERTES, ARKAITZ SANTAMARIA, SANTI LARESGOITI (Laudio, 1988) eta ABEL ARNAIZ (Basauri, 1987) Athleticeko jarraitzaileak dira eta 2015eko kopa finalerako karikatura erraldoia sortu zuten Augusto Costanzoren laguntzarekin. Horrek arrakasta handia izan du eta historia guztia kontatu dute.

Lehenik eta behin, nola bururatu zitzaizuen Mikel San Joseren karikatura egitea?

Lehenik eta behin, nola bururatu zitzaizuen Mikel San Joseren karikatura egitea?

Athleticeko zaleak oso parte-hartzaileak dira. Oso berezia. Eta ekarpen bat egin nahi genuen maiatzaren 30ean jokatutako kopa finalerako.

Hasieratik argi geneukan Mikel San Jose izango zela omenaldiaren mamia, oso jokalari berezia iruditzen zaigu eta; grina dauka, oso eskuzabala da eta golak egiten ditu.

2012an Endika eta Iñigorekin batera -laudioarrak- pentsatu genuen Marcelo Bielsaren marrazki batekin maskara egitea. Eredu aproposa iruditzen zitzaigun eta San Joseren maskara ideia dibertigarria zen.

Gainera, buruz gol ugari egiten dituen jokalaria da, beraz bere buru handi hori izatea txantxa dibertigarria zela uste genuen.

Zergatik bilakatu da ospetsua Mikel San Joseren marrazkia?

Neurriagatik arreta deitzen du eta marrazkia -Augusto Costanzo jenio hutsa da- ez da animatzeko objektu arrunta. Eta oso aproposa da argazkiak eta bideoak egiteko.

Bartzelonara heldu ginenean finaleko aurreko egunean jendeari asko gustatu zitzaion; pasatzen zen lekutik jendeak abesten zuen “Mikel San Jose, Mikel San Jose...”. Argazkiak egiten zizkioten, selfiak, bideoak...

Arrakasta hain handia izan zen ezen Athleticeko aldagelara heldu ziren SanJoBuruz-en irudiak eta albisteak.

Arrakastaren beste gako bat sare sozialak izan dira. Twitter eta Facebooken oso parte-hartzaileak izan gara sortutako kontuan: @SanJoBuruz. Argazki ugari igotzen ditugu -finaleko bidaian, ospakizunean...- bideoak -partidak hasi baino lehen, zaleekin...-.

Lauron artean tarteak bilatu ditugu elkartzeko eta edukiak sortzeko eta horrek aukerak eman ditu jarraitzaileak lortzeko eta partaidetza sustatzeko -erantzunak, birtxioak...-

Non zegoen SanJoBuruz San Josek FC Barcelonari gola sartu zionean?

Abuztuak 14: animazio harmailan, eromena! Lehen aldia zen SanJoBuruz futbol zelaian sartzen zela -Camp Noun ez ziguten sartzen maiatzaren 30ean-. Lehenengo aldiz sartu zen San Mamesen eta superkopako finalaren joaneko partidan, perfektua zirudien.

Baina hori gutxi balitz Mikelek zelai erditik sartu zuen gola. Historikoa izan behar den partidan. Zaila izango da estreinaldia hobetzea.

Egun horretan SanJoBuruz ez ezik GoPro kamara eraman genuen eta bigarren eta hirugarren golak grabatu genituen.

Abuztuaren 17an Athleticeko harmailan egon ginen Camp Noun. Eta orduan bai, SanJoBuruz FC Barcelonaren estadioan sartzea lortu genuen. Aukera honetan oihartzun handiagoa izan zuen, telebistako kamarek zaleen gunea grabatu zuen behin baino gehiagotan eta horrek lagundu zuen ospetsua egiten.

https://www.youtube.com/watch?v=DfWn-YM5eZo

 


Zergatik Mikel San Jose? Zorioneko hautaketa izan da, ezta?

Jokalari berezia da, oso eskuzabala da eta asko ahalegintzen da. Nahiz eta erdilari defentsiboa edo zentrala izan golak egiten ditu. Finalaren ostean harremanetan jarri gintuzten, oso eskertuta baitzegoen eta berarekin egon ginen.

Arraroa badirudi ere ez da ohiko jokalaria -celebritya, alegia- oso pertsona gerua eta atsegina da. Oparitu dizkigu kamiseta pare bat, argazki batzuk egin genituen berarekin... baina guretzat hoberena izan zen berarekin hitz egitea lagunen artean bezala, partiden inguruan hitz eginez; partidak, giroa, bizitza... Crack hutsa!


Abentura honi esker karikatura egin duen marrazkilaria ezagutu duzue. Geratuko zarete berarekin San Mamesen?

Augusto Costanzo da historia honen opari bat. 2012an Bielsako karikaturaren harira berarekin hitz egin genuen eta mezu batzuk gurutzatu genuen guztiok entrenatzailearen jarraitzaileak garelako.

San Joseren irudia finalera eramatea erabaki genuenean Augustori eskatu genion mesedez marrazkia egiteko. Lotsa ematen zigun oso marrazkilari garrantzitsua baita eta jokalaria ez zuen ezagutzen. Ezustekoa izan zen “bai, behar duzuena” erantzuna jasotzea berehala.

Hortik aurrera lotura sortu zen modu pertsonalean; lagun bat gehiago, koadrilakoa eta ia egunero hitz egiten dugu. Mikelek oparitutako lehenengo kamiseta Costanzorentzat izan zen eta Argentinara bidali genuen.

Bere twitter profilean ikus daitekeen bezala Athleticzalea da. Hilabete batzuk barru Europara etorriko da eta San Mames derrigorrezko bisita izango da. Merezi duen harrera egingo diogu!

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide