"Jendeak ez du ondo ulertu pankartaren lemarekin zer esan nahi genuen"

Erabiltzailearen aurpegia Irati Moreno 2015ko abu. 18a, 11:32

JONE UNZAGA eta TAMARA OTAOLA (Laudio, 1990) Txilardiak koadrilako kideak dira. Haiek dira txupinazoan hitz egiteaz arduratu zirenak, txupinerak izan baitziren. Emakumeen aurkako eraso sexistak salatzeko ekimen bihurtu zuten txupinazoa.

 Zer sentitu zenuten udaletxeko balkoira ateratzerako unean?

JONE UNZAGA eta TAMARA OTAOLA (Laudio, 1990) Txilardiak koadrilako kideak dira. Haiek dira txupinazoan hitz egiteaz arduratu zirenak, txupinerak izan baitziren. Emakumeen aurkako eraso sexistak salatzeko ekimen bihurtu zuten txupinazoa.

 Zer sentitu zenuten udaletxeko balkoira ateratzerako unean?

Tamara: Urduritasun handia eta gainera ardura handia sentitzen genuen. Izan ere, aurreko bi egunetan prestatu genuen dena, batez ere, salaketa egitearena. Horrez gain, ez genekien jendearen erantzuna zein izango zen eta horrek ere nahikotxo urduritu gintuen.

Txupinerak izateagatik, ordea, oso pozik egon gara. Gainera aurten 10 urte bete ditu koadrilak eta ospatzeko aukera ezin hobea izan da guretzat.

Txupinerak izatea ardura handia izan da? Zein izan da zuen lana?

Jone: Ez dago lan zehatzik Udaletxera igo ginen ezer ere ez jakin gabe. Ez dugu inolako harremanik izan udalarekin, bertan agertu ginen eta listo.

Tamara: Aurreko egunean udaleko dei bat edo zerbait espero genuen, baina ez genuen ezer jaso. Bagenekien pregoian egon behar ginela adibidez. Ziurrenik ardura gehiago izango ditugu, baina zeintzuk diren ez dakigu.

Aldarrikapenez betetako txupina bota zenuten. Zein izan zen zabaldu zenuten mezua?

Jone: Gure helburua beste herriko jai batzuetan gertatu diren eraso denak salatzea izan zen. Horregatik txupinazoa momentu egokia zela pentsatu genuen, batez ere, jaiak hasten zirelako.

Zer nolako harrera izan zuen?

Jone: Ni apur bat haserre nagoela esan behar dut. Uste dut jendeak gauza batzuetarako inplikazioa handia duela, baina gure ekimenean ez nuen inplikazio hori ikusi. Emakumeok zerbait salatzen dugunean “boikot” antzeko bat egiten zaigula uste dut.

Tamara: Bai, parte hartzea eskasa izan zela uste dugu, baina niretzat ez zen boikota izan. Egia da jendea hurbildu zitzaigula esanez ez zela momenturik onena, baina orduan noiz da momentu egokiena horrelako ekimen bat egin ahal izateko? Gure ustez momenturik egokiena hartu gernuen, txupinazoa jendez lepo dagoelako eta aldarrikatzeko unea ere izan daitekeelako.

Baina Jonek esaten duena ulertzen dut, beste hainbat kontuetarako parte hartze handia dagoelako eta emakumeon edo horrelako ekimenetan jendeak beti zerbait esan behar duelako: ez da momentu, ez da modua...

Eztabaida sortu dela ere esan dezakegu. Izan ere, emakumeen parte hartzea eskatzen zenuten, baina gizonezkoena ez.

Jone: Bai eta nik uste horregatik gizon asko baztertuta sentitu direla. Baina nik erantzuten dudana zera da: zergatik ez dituzte haiek horrelako ekimenak antolatzen? Edo zergatik ez ziguten haien iritzia bota? Gainera ez nuen haien erantzunik ikusi, ez nituen haien txaloak entzun, orduan ez dakit oso ondo zer da haiek nahi dutena.

Martxoaren 8a ere aldarrikatzeko eguna da, baina egun horretan ez dago inor eta zergatik txupinazoan bai? Niri oso ondo iruditzen zait haiek parte hartu nahi izatea, baina, gero ez dut haien benetako babesa ikusten.

Horregatik izan daiteke emakumeentzako ekintza bat planteatu izana?

Tamara: Bai, ziur aski bai.

Jone: Ez dakit, baina hau ez da sexuen arteko borroka bat.

Tamara: Gai honen inguruan asko hitz egin dugu. Batzar bat egin genuen dena ondo adosteko eta eztabaida handia egon zen gizonen parte hartzearen inguruan.

Guk sufritzen dugu, hau da, gu gara gehienetan eraso sexistak jasaten ditugunak. Argi dugu mutil asko gure alde egongo direla eta horren kontra ere egingo dutela, baina nahiz eta ekimenean ez parte hartu kanpotik ere babesa eskaini dezakete.

Jendeak ere, zuen pankartaren lemaren inguruan hitz egin du, ezta?

Jone: Bai hala da, pankartaren lema “El miedo va a cambiar de bando” zen. Jendeak ez du ondo ulertu lema horrekin zer esan nahi genuen.

Nik argi utzi nahi dut, esan nahi genuena ez dela beldurra emakumeetatik gizonetara pasatuko dela, baizik eta, erasotuengatik erasotzailetara. Oso garrantzitsua da jendeak hori jakitea.

Jendea egon da apur bat esanez, "beno orain zer emakumeak izango dira gizonak hilko dituztenak?", argi izan ez dela hori, ez dela sexuen arteko borroka bat.

Tamara: Hori da, guk erasoak salatu nahi izan ditugu. Uste dut jendeak ulertu duela mutilen eta nesken arteko borroka antzeko bat dagoela, eta ez da hori. Argi dugu gizonezko asko ez direla erasotzaileak eta asko eta askok bihotz morea dutela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide