Aurten gastronomia txapelketaren 38. edizioa da. Larunbatean, abuztuak 22, izango da txapelketaren eguna. Parte-hartzaileek goizeko 8etatik aurrera hartu ahal izango dute euren lekua Zumalakarregi etorbidean, eta ohi bezala, izen-ematea doakoa izango da.
Untxi txapelketa jaien baitan egiten bazen ere, azken urteetan jaien bi zatien arteko larunbatean egin izan dute. “Gure lehentasuna larunbatetan egitea da, bestela jende askok ezin du parte hartu, lan kontuak direla eta”.1
Zergatik jaio zen txapelketa?
1976. urtean Laudioko Rakatapla koadrilako zortzi kide Logroñoko San Mateotan zeuden, eta ez nagikerietan, Txuletilla Txapelketan parte hartzen baizik. Norgehiagoka horren funtsa sinplea zen: txuletilla gehien jaten zituenak irabazten zuen. Bertan parte hartzeak, baina, ez zien laudioarrei jateko gogoa kendu. Herrira itzuli zirenerako bazuten ideia buruan: “zergatik ez dugu Laudion halakorik antolatzen?”.
Hasierako ideia hartatik gauzatu zena ez zen Logroñokoa bezain txapelketa basatia izan. Gastronomi lehiaketa “klasikoago” bat antolatu zuten Rakataplakoek: Untxi eta Tortilla txapelketa. 1977ko lehen edizioan Rakataplako lau kidek parte hartu behar izan zuten, parte-hartzaile baino sari gehiago baitzeuden, baina txapelketak “pixkana-pixkanaka” garrantzi handiago hartu zuen, gaur egun arte.