Gaur, abuztuak 15, goizeko bederatzietatik aurrera ikusi daitezke, Laudioko kaleetatik sakabanatuta, pintzelak eskuan, aurrean duten oihal zuria koadro bilakatzen. Aire zabaleko Pintura Lehiaketako parte hartzaileak dira. Aurten lehiaketa horren XIX. edizioa da. “Egon zen denboraldi bat zeinetan ez zen egin”, azaldu du lehiaketaren antolakuntzan diharduen Jabi Artetak, “baina duela hiru-lau urte berreskuratu genuen”.
Sinplea da lehiaketaren helburua: “margolariek Laudioko txokoak euren estiloarekin irudikatzea”. 12-20 pertsona inguruk hartzen dute parte. Gehienak kanpotik etorritakoak dira, baina badaude baita herriko parte hartzaileak ere.
Nola parte hartu
Laudioko Udalaren web orrialdean kontsultatu daitezke lehiaketan parte hartzeko baldintzak. Koadroa egiteko materiala margolariak berak eraman beharko du. Oihala zurruna izan beharko da, eta metro bateko luzera edota zabalera izan ahalko du gehien jota.
Parte hartzaileak 8:30etatik 10:30etara bitartean aurkeztu beharko dira Herriko Plazan, izena emateko eta oihala zigilatzeko. Hortik aurrera bost ordu izango dituzte lana hasi eta bukatzeko, 15:00etarako entregatu beharko baitute, beranduenez.