Laudioko Udalak jakinarazi du 200 kondoi banatuko dituela aurtengo San Roke Jaietan. Herriko hainbat tabernetan eta Txosnagunean eskuratu ahalko dira, Amets Meaza zinegotziak jakinarazi duenez.
Ekimenaren helburua aurreko urteetako bera dela adierazi du Meazak, “gaixotasunen sexu bidezko transmisioa ekiditea”.
Eraso sexisten aurkako kanpaina
Udala, baina, ez da kondoiak banatzera mugatuko. Eraso sexisten aurkako kanpaina bat ere jarriko dute martxan instituziotik. “Mota horretako erasoak urte osoan zehar ematen dira, baina jaietan bereziki”, argudiatu du Meazak.
Kartelak jarri eta pegatinak banatuko dituzte, gizonezkoentzako eta emakumezkoentzako bana. Hortaz gain, indarkeria sexistaren aurkako bertso-saio musikatua antolatuko du Udalak Txosnagunean, Odoloste Egunean (abuztuak 29).