“Ku-ku, haurrekin hitz egiten hasteko” izeneko liburua banatuko du Laudioko Udalak. Haur-hizkuntzako esamoldeak, hitzak eta kantak jasotzen ditu liburuak. Duela urte batzuk Bizkaiko edizioa argitaratu zen eta oraingoa Arabako edizio berezia da.
Argitaraldi berri honek hainbat berrikuntza ditu: liburuko kantak biltzen dituen CDa eta sakelako aplikazioa, liburuko edukiak telefono bidez ere edozein momentuan eskuragarri izateko.
Euskararekiko lehen harremana
Ekimenaren helburuak euskararekiko lehen harremana erraztea eta familiaren baitako transmisioa bultzatzea dira. Laudioko Udalaren Euskara Plan estrategikoan jasotako helburuak dira horiek.
Liburuaren 500 ale argitaratu dira eta Irailaren 1etik aurrera banatuko ditu Udalak. Gurasoak Udaleko erregistrora bertaratu beharko dira liburua jasotzeko. Argitaratuko diren ale horiekin guztiak datozen 2-3 urteetan banatzea aurreikusi dute.